Hoteletako sarrerek gora egiten jarraitu zuten EAEn abuztuan
EAEko turismoak goranzko joeran jarraitu zuen abuztuan. Hilabete horretan, hoteletako bisitarien sarrerak % 5 gehitu ziren 2025eko aldi beraren aldean, Espainiako Estatutik kanpoko bisitarien etorrerari esker (% 17,4 gehiago); Estatuko turismoak, berriz, % 10,4 egin zuen behera.
Gaualdiak ere % 5,7 igo ziren, eta berriro ere Estatutik kanpoko turisten hazkundea nabarmendu zen, ia % 20ko igoerarekin.
Kopuruak gora egin arren, uztailean baino gutxiago hazi ziren sarrerak eta gaualdiak, % 7,7 eta % 6,7, igo baitziren, hurrenez hurren, aurreko hilabetean.
Eustat Euskal Estatistika Erakundeak astelehen honetan zabaldutako datuen arabera, abuztuan 453.870 sarrera zenbatu ziren hoteletan, eta 974.176 gaualdi izan ziren.
Sarrera guztien % 61,7 eta gaualdien % 60,3 Estatutik kanpoko turistenak izan ziren.
Araban bakarrik jaitsi da
Araban bakarrik jaitsi ziren sarrerak, % 1,7 gutxiago, eta 57.889ra iritsi ziren, baina gaualdiak % 1,6 igo ziren, 119.940ra iritsiz.
Bizkaian, berriz, 212.406 sarrera izan ziren, % 7,4 gehiago, eta 448.789 gaualdirekin % 7,9ko hazkundea izan zen.
Gipuzkoan 183.575 sarrera izan ziren hoteletan (+%4,4) eta 405.447 gaualdi (+%4,5).
Hiriburuei dagokienez, nabarmentzekoa da Gasteizko sarrera-kopuruak nabarmen egin zuela behera, iazko abuztuan baino % 10 gutxiago. Hiri horretan ere gaualdiak % 3,8 jaitsi ziren.
Donostian ere jaitsi egin ziren hoteletako sarrerak, % 0,7 gutxiago, baina gaualdiak % 4,1 igo ziren.
Bilbon igo egin ziren turisten sarrerak eta gaualdiak, % 2,6 eta % 1,7.
EAEko batez besteko egonaldia 2,15 egunekoa izan zen abuztuan, duela urtebeteko 2,13 egunak baino pixka bat luzeagoa. Gipuzkoan 2,21 egunekoa izan zen, Bizkaian 2,10ekoa, eta Araban, 2koa.
Okupazio-maila % 78,4koa izan zen plazei (% 0,1 gutxiago) eta % 86,7koa gelei dagokienez (% 0,8 gehiago).
277 euro gau bakoitzeko Donostian
Eustatek emandako datuen arabera, hoteletako batez besteko tarifa 171,9 eurokoa da gaueko, hau da, iaz baino % 11,4 garestiagoa.
Gipuzkoan izan zen batez besteko tarifa altuena, 220,8 euroko; Bizkaian, 145,5 eurokoa; eta Araban 117,5, eurokoa.
Nabarmentzekoa da Donostiako hoteletako eguneko tarifa, 277,8 eurokoa batez beste; Bilbokoa, 168 eurokoa; eta Gasteizkoa, 107,4 eurokoa.