Bizkaiko Golkoa eta Frantzia lotuko dituen itsaspeko kablea jartzeko lanen % 70 daude eginda
Interkonexio elektrikoa 2027aren amaierarako edo 2028aren hasierarako egongo da martxan. Lanak erritmo onean doaz, baina baliteke itsasoaren egoerak epeak luzatzea. Azpiegiturari esker, bi estatuen arteko argindar trukea 2.800 megawattetik 5.000 megawattera igaroko da.
Gatikako azpiestazioa, gaur. Argazkia: EFE
Bizkaiko Golkoa eta Frantzia lotuko dituen urpeko kablearen instalazio lanen zati handi bat, % 70, eginda dago, agintariek gaur Gatikako (Bizkaia) azpiestaziora egindako bisita batean iragarri dutenez.
Espainiako Redeira (lehen, Red Electrica) eta Frantziako Rte argindar konpainiak ari dira azpiegitura eraikitzen, eta aurreikuspen arabera, 2027aren amaieran edo 2028aren hasieran egongo da prest. Diotenez, bi estatuen arteko elektrizitate-trukerako gaitasuna 2.800tik 5.000 megawattera igoko da.
Roberto Garcia Redeirako kontseilari delegatuak zehaztu duenez, obrak ondo doaz, baina aurrerantzean "itsasoaren egoeraren menpe" egongo dira lanak, lurreko lanak amaituta, itsaspekoak falta direlako. Proiektuak 3.500 milioi euro inguruko aurrekontua du, baina Redeiraren arabera, jasotakoa kostuaren "oso gainetik" egongo da.
Proiektuak bi argindar azpiestazio izango ditu: bata, Gatikan, eta bestea, Cubnezaisen (Gironda departamentuan, Bordeletik gertu). Estazioek kabletik doan korronte zuzena korronte alterno bihurtuko dute, argindarra herrialde bakoitzeko sarera igarotzeko. Bizkaiko obra zibila amaitu dute, eta muntaketa elektromekanikoa egiten ari dira
Itsasoan, Red Electricak itsaspeko kablearen lehen fasea burutu du, 65 kilometroko zatia jarrita. Lanak abuztuan abiatu zituzten Lemoizen, eta Azti ari da horiek gainbegiratzen, ingurumenean ahalik eta kalte txikiena egiteko. Denera, 276 kilometro ditu itsaspeko kableak.