Madril
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Etxenike 'doctor honoris causa' izendatu du Madrilgo Konplutentseak

Etxenikek bere hitzaldian nabarmendu duenez, "sari honek partaide naizen erakundearen, Euskal Herriko Unibertsitatearen, bikaintasuna saritzen du".
18:00 - 20:00
Etxenike fisikaria doctor 'honoris causa' egin du Madrilgo Complutenseak

Madrilgo Unibertsitate Konplutentseak (UCM) doctor honoris causa izendatu du Pedro Miguel Etxenike Landiribar Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Materia Kondentsatuaren Fisikan katedraduna, Jose Carrillo Madrilgo unibertsitate horretako errektoreak zuzendutako ekitaldian.

Inbestidura ekitaldian, besteak beste, hauek izan dira: Iñaki Goirizelaia EHUko errektorea, Itziar Alkorta Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordea, Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea, Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohia, Juan Ignacio Perez Iglesias, Pello Salaburu eta Gregorio Monreal EHUko errektore ohiak eta Cristina Garmendia eta Elena Salgado Espainiako ministro ohiak.

Etxenikek bere hitzaldian nabarmendu duenez, "sari honek partaide naizen erakundearen, Euskal Herriko Unibertsitatearen, bikaintasuna saritzen du". Gainera, esker bereziak eman dizkie taldekide, ikertzaile eta ikasleei. "Pertsona horiei guztiei nire esker onak eman nahi dizkiet, elkarrekin eraiki dugunarengatik", gaineratu du.

Antonio Hernando Grande irakaslea izan du laguntzaile ekitaldian. Horren lana goraipatuz esan duenez, "gaur egun Euskal Herriko Unibertsitatea nazioarteko zientzia-bikaintasunaren mapan" dago Pedro Miguel Etxenike bezalako pertsonei esker, Materia Kondentsatuaren Fisikaren hainbat arazo landu baititu "distira osoz".

"Hori bera adierazten du, hain zuzen, bere lanaren inguruan 13.000 erreferentzia baino gehiago izateak, Physical Review zientzia aldizkarietan 200 lan baino gehiago argitaratu izanak (horietako 45 baino gehiago Physical Reviw Letters izan dira), eta Science eta Nature aldizkarietan argitaratutako lanek", azaldu du.

Pedro Miguel Etxenike (Izaba, Nafarroa, 1950) EHUko Materia Kondentsatuaren Fisikan katedraduna da 1986tik, Donostia International Physics Center (DIPC) eta CIC nanoGUNE zentroak zuzentzen ditu, Euskampus Fundazioaren –Nazioarteko Bikaintasun Campusa– presidenteordea da, eta Asturiasko Printzearen Sarietan (Ikerketa Zientifikoaren eta Teknikoaren alorreko sariduna hautatzeko) epaimahaiburu izan da.

Hainbat sari jaso ditu, Ikerketa Zientifikoaren eta Teknikoaren Asturiasko Printzearen Saria, Max Planck saria, Blas Carrera Espainiako sari nazionala, Euskadi Ikerketa saria eta Kulturaren Vianako Printzea saria. Halaber, Alfontso X.a Jakitunaren Gurutzea, eta Euskal Herriko Unibertsitatearen, Espainiako Fisika Elkartearen, Donostia Hiriaren eta Gipuzkoako urrezko dominak jaso ditu. Donostiako ohorezko enbaxadore izendapena ere jaso du.

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Bi pertsona ospitalera eraman dituzte Azpeitiako etxebizitza batean izandako sute baten ondorioz

Sutea izan da gaur eguerdian Azpeitian, Erdikaleko 27. zenbakiko etxebizitza batean. Sua 15:00ak pasatxo piztu da, eraikineko bigarren solairuan, eta ondorioz, inguruko bizilagunak etxetik atera behar izan dituzte. Hirugarren solairuan zeuden bizilagunek ezin izan dute euren kabuz irten, eta suhiltzaileek lagunduta atera dituzte kalera. Suhiltzaileak lanean ari dira sugarrak amatatzeko. Bi pertsona Zumarragako ospitalera eraman dituzte, sutean kea arnasteagatik.

Ekain Perrino, elkarrizketa EiTBn
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Ekain Perrino: "Gorroto-delitua dela onartu da, baina 2 urteko espetxe zigorra ez da ezer"

Justiziak Ekain Perrinok 2021ean Basaurin jasandako eraso homofoboaren egile gehienak zigortu ditu. Hamaika egileetatik hamarrek bi urteko espetxe zigorra jaso dute, osotasun moralaren aurkako delituagatik; hamaikagarrenari, berriz, 14 hilabeteko kartzela zigorra eta zortzi hilabeteko isuna ezarri diote. Perrino pozik agertu da gorroto-delitua onartu duelako epaileak, 2 urteko espetxealdia ez dela nahikoa adierazi du.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X