Gertakaria
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Emakume batek ustez bikotekidea bota du leihotik behera, Arrasaten

Dirudienez, gizona leihoan eserita zegoen eta emazteak bultza egin dio. Orain, larri dago ospitalean.

Ertzaintzak 27 urteko emakume bat atxilotu du Arrasaten (Gipuzkoa) hilketa saiakera egotzita; izan ere, ustez bikotekideari bultza egin eta hirugarren solairutik behera bota du, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakitera eman duenez. Gizona larri zaurituta eraman dute ospitalera.

San Andres auzoko etxebizitza batean izan da gertakaria, 07:30 aldera. Dirudienez, bikotea sesioan ari zen, eta gizonezkoa irekitako leiho batean zegoen eserita. Lehenengo zantzuen arabera, eztabaida erdian, emakumeak bultza egin dio gizonari eta leihotik behera bota du.

Ertzaintza bertaratu denerako, gizonezkoa lurrean zaurituta zegoen eta aldamenean emakumea zuen. Biktima Gasteizko Santiago Ospitalera eraman dute anbulantzian, eta emakumea hilketa saiakeragatik eraman dute atxilotuta.

Ertzaintzak ikerketa abiatu du gertatutakoa argitzeko.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X