Espainiar nazionalitatea zuten 51 biktima baieztatu ditu Gobernuak
Espainiako Gobernuak espainiar nazionalitatea zuten 51 biktima identifikatu ditu hegazkin bat Frantziako Alpeetan erorita hildako 150 pertsonen artean.
Francisco Martinez Segurtasuneko Estatu idazkariak egin du iragarpena goizean, Mariano Rajoyren Exekutiboak eratutako krisi mahaiak Moncloako Jauregian egindako bileraren ostean, eta 49 zirela esan badu ere, gero zabaldutako prentsa-ohar batean, 51ra igo dute kopurua.
Nolanahi ere, Germanwings konpainiaren esanetan, istripuan hildako espainiarrak 35 dira. Hori bai, hainbat pertsonak nazionalitate bikoitza zutela zehaztu du. Hori izan liteke datuen arteko aldearen azalpena.
Hildakoen artean Bartzelonan bizi den nafar bat dago. Rogelio Ofizialdegi da bera, 62 urtekoa, eta Delphi enpresak Kataluniako hiriburuan duen Giza Baliabideetako zuzendaria da. Oraingoz ez dago argi euskal herritar gehiagorik dagoen biktimen zerrenda.
Soinuak grabatzen dituen kutxa beltzeko informazioa
Bien bitartean, adituak hegazkinaren kutxa beltzetako bat aztertzen ari dira jada, Parisen, eta baliteke gaur arratsaldean bertan izatea lehen datuak, Frantziako Fiskaltzak azaldu duenez.
Hegazkin batek bi kutxa beltz ditu: pilotuen solasaldiak grabatzen dituena eta hegaldiaren datu teknikoak biltzen dituena. Grabazioak dituena da topatu dutena; bestea ez dute oraindik aurkitu, baina Hollandek iragarri du kutxa beltz horren estalkia aurkitu dutela dagoeneko.
Aurkitu duten horren kasuan, ikertzaileek dagoeneko lortu dute informazioa ateratzea.
Hala ere, hegazkinaren arrastoak aztertzen ari diren ikertzaileek "asteak edo hilabeteak" beharko dituzte ezbeharraren inguruko ondorio fidagarriak ateratzeko.
Izan ere, kabinan gertatu zenaren ingurukoa ulertzeko "asteak edo hilabeteak" beharko dituztela aitortu du Remi Jouty Ikerketa eta Analisi Bulegoko zuzendariak prentsaurreko batean.
Frantziako, Alemaniako eta Espainiako agintari nagusiek agerraldia egin dute gaur, 150 hildako eragin dituen hegazkin istripuaren aurrean elkarlanean arituko direla erakusteko.
Erreskate lanak
Erreskate eta bilatze taldeek gaur goizean ekin diete berriz lanei, atzo Bartzelona-Düsseldorf bidea egiten ari zen Germanwings konpainiako hegazkina erori zen tokian, Frantziako Alpeetan.
Ibilgailu mugimendua 07:00etan (Euskal Herriko ordua) areagotu da bertan, batik bat Seyne-les-Alpes herriaren inguruetan.
Pierre-Henry Brandet Frantziako Barne Ministerioaren bozeramaileak azaldu duenez, lekua prestatzen ari dira, helikopteroak bidali ahal izateko.
Agintariek itxaropen handirik ez dute, hegazkinean zihoazen 148 pertsonak hilik daudela uste baitute, eta segurtasun eremu handia ezarri dute.
Istripua izan den tokia. Argazkia: EITB.
'Eskarmentu handiko pilotu batek zeraman'
Ohar batean, Lufthansak azaldu du oraindik ez dakiela istripua zergatik gertatu den. Meteo France zerbitzuak azpimarratu du baldintza meteorologiko onak zeudela istripua izan den unean. "Baldintza onak ziren, zerua oskarbi izan dugu goiz osoan zehar", adierazi dute.
Frantziako Gobernuak ez du hipotesirik baztertu, ezta atentatu terroristarena ere, baina ukatu egin du atentatuarena "hipotesi nagusia izatea".
Germanwings enpresako zuzendari exekutibo Tommas Wilkelmannek zehaztu du 10:53ean galdu zutela komunikazioa hegazkinarekin. Une horretan, 6.000 oineko altueran zegoen, baina zortzi minutu geroago lurra jo zuen.
"Eskarmentu handiko" pilotu batek gidatzen zuen hegazkina, Wilkemannen hitzetan, eta hegazkina azken aldiz atzo bertan ikuskatu zutela gaineratu du. "Azkenekoz, 2013ko udan egin zioten hegazkin horri azterketa sakona".
Airbusek "gertatutakoa ikertu" egingo du, ezbeharraren nondik norakoak argitzeko, enpresa horretako bozeramaile batek azaldu duenez. A320 Airbus hegazkin konpainiaren modelo ezagunena da, eta mundu osoan horrelako 6.191 hegazkin daude.
Hegazkinaren antzinatasuna
Alvaro Gammicchia Aireko Linietako Pilotuen Sindikatu Espainiarreko idazkariak ukatu egin du A320 hegazkinaren antzinatasunak (1991n hasi zen martxan) "arriskua areagotu" edo "istripuren bat izateko probabilitatea handitu" izana.
"Hegazkinek etengabeko kontrolak pasatzen dituzte, eta mantenu eta ikuskapen epe guztiak betetzen dituen heinean, hegan egiteko moduan dago, hau da, fabrikatik atera berria den hegazkin bat bezain segurua da", gaineratu du.
Biktimen senideen arretarako telefonoak
Espainiako Gobernuak telefono zenbaki bat jarri du abian, biktimen senideentzat: 913 948 900. Horrez gain, helbide elektroniko bat ere izango da erabilgarri: unidaddecrisis@maec.es.
Kataluniako Generalitateak 012 (Kataluniako bizilagunentzat) eta 902 400 012 (kanpokoentzat) telefono zenbakiak jarri ditu abian.
Germanwings enpresak doako bi telefono zenbaki jarri ditu: 0800 11 33 55 77 (Alemania) eta 900 808 890 (Espainia). "Germawings eta Lufthansako langile guztiak atsekabeturik gaude. Gure pentsamenduak eta otoiak bidaiarien eta tripulatzaileen senideekin daude", adierazi du konpainiak.
Alemaniako Gobernuak ere abian jarri du telefono zenbaki bat: 0049 30 5000 3000.
AENAk Bartzelonako aireportuko bigarren terminalean hartuko ditu hegaldi horretako biktimen senideak. Dagoeneko senide batzuk berturatu dira.
Germanwings enpresak 1,9 milioi bidaiari eraman zituen iaz Espainian, AENAk zabaldutako datuen arabera. Enpresa horrek egunero egiten du Bilbo eta Düsseldorf arteko hegaldia, larunbatetan izan ezik. Azken hegaldia normaltasunez atera zen atzo Loiuko aireportutik, 13:14an.
Iazko azaroan ere, arazoak izan ziren
Iazko azaroan, Bilbotik Munichera 109 bidaiari zeramatzan hegazkin bat lurrera jausteko arriskuan izan zen, Der Spiegel egunkariak kaleratutako albiste baten arabera.
Antza denez, 9.000 metroko altueran zegoenean, hegazkina minutuko 1.000 metro erortzen hasi zen. Orduan, pilotuek hegazkineko ordenagailua amatatu, eta eskuz kontrolatu behar izan zuten, arazo teknikoren bat tarteko. Azkenean, baina, arazorik gabe lurreratu zen.
Zure interesekoa izan daiteke
Hainbat errei itxi dituzte Bizkaian eta Gipuzkoan, luiziak eta ur putzuak direla eta
BI-630 errepidean errei bat itxi dute Karrantza parean, luizi bat izan baita. Halaber, lur-jausi bat izan da N-1 errepidean ere, Idiazabal parean, eta errei bat itxi behar izan dute. Hori guztia dela eta, Segurtasun Sailak arretaz gidatzea gomendatzen du.
Amaitu dira auto-ilarak BI-10 errepidean, Barakaldo parean bi ibilgailuk istripua izan ondoren
Ezbeharra 124. kilometroan gertatu da, Donostiarako noranzkoan, eta bost kilometrorainoko auto-ilarak sortu dira.
Albiste izango dira: Ibaien egoera, noiz atertuko du? eta greba Tubos Reunidosen
Gaurkoan Orain-en albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
Ibaiak gainezka izan dira gauean, baina egoerak hobera egin du
Prezipitazio handien ondorioz, uholdeak izan dira hainbat tokitan, garajeetan eta etxebizitzetan, batez ere Butroe ibaiaren arroan. Marurin 36 auzokideri eragin die.
Harritzar bat zintzilik geratu da N-634 errepidearen gainaldean, Getaria parean
Eguerdia pasatxo zenean, tamaina handiko harri bat erori da mendian behera, baina burdinezko sareak eutsi egin ahal izan dio. Astearte goizean hasiko dituzte erretiratzeko lanak, eta bien bitartean, errepidea irekita dago.
Sei pertsona zauritu dira Faltzesen, beren autoa bidetik irtenda
Zauritu guztiak ospitalera eraman dituzte eta ingresatuta daude, pronostiko erreserbatuarekin. Horietako bost adin txikikoak dira.
Maila horian daude Abetxuku, Zangroiz eta Mungiako estazioak, uholde arriskuagatik
Euskalmetek jakinarazi duenez, datozen orduotan ere euria barra-barra egiten jarraituko du, ia etenik gabe, batez ere, Kantauri isurialdean.
Butroe ibaiak gainezka egin du Mungia parean
Euriteen ondorioz, Butroe ibaiak gainezka egin du Mungia parean, eta bertako Udalak autoak toki garaietara mugitzea gomendatu die herritarrei.
Nafarroak 4,7 milioi aktibatu ditu auto elektrikoaren erabilera bizkortzeko
'Tximista Auto' plan berriak ibilgailu bakoitzeko 5.500 eurorainoko laguntzak eta azpiegituretarako zuzeneko laguntza indartzen ditu.
Berriro ekin diote Bidasoa ibaira salto egin zuen gizona bilatzeari
Antza, pertsona batek bi gizon ikusi ditu igande goizaldean ibilgailuak garbitzeko gune batean lapurreta egiten, Irunen, eta ertzainak heldu direnean, horietako batek uretara egin du salto; bestea, 31 urteko gizasemea, atxilotu egin dute.