Sanferminetako egitaraua

Gorde
Kendu nire zerrendatik

500 ekitalditik gora antolatu dituzte 2025eko sanferminetarako

Ostegun honetan aurkeztu dute sanfermin jaien egitarau ofiziala. Bertan iragarri dutenez, uztailaren 14an, Sorotan Bele talde gipuzkoarrak emango dio amaiera bederatzi eguneko zoramenari, Gazteluko plazako agertokian.

sanfermines cabezudos

Iruñeko kilikiak, kalera ateratzeko prest. Artxiboko argazkia.

Hasi da atzerako kontaketa aurtengo sanferminetarako eta, pixkanaka, aurtengo edizioaren xehetasunak ezagutzen ari gara. Iruñeko Udalak gaur eman du ezagutzera 2025eko sanferminetako programa ofiziala. Guztira 517 ekitaldi antolatu dituzte, adin eta gustu guztietarako modukoak, eta, adierazi dutenez, jaia auzoetara ere zabalduko da.

Berrikuntzak dakartza aurtego jaiak, txupinazoaren unetatik bertatik nabari; izan ere, iragarri dutenez, emanaldia jarraitzeko bi pantaila jarriko dituzte, Federico Soto pasealekuan eta Yamaguchi plazan. Yala Nafarroa Palestinarekin elkarteak jaurtiko du 2025eko sanferminetako txupinazoa.

Ohi legez, aurten ere ez dira faltako kontzertuak, entzierroak, gazteentzako eta familientzako guneak, kaleko animazioa, su artifizialak eta gainerakoak. Beste berrikuntzetako bat da Takonera parkea musika elektronikoko eremua egongo dela.

Egitarauari erreparatuta, musikak hartuko ditu jaietako ekitaldien erdiak, eta zuzeneko kontzertuak izango dira Gazteluko plazan, Foru plazan, Konpainia plazan, Gurutze plazan, Sarasate pasealekuan edo Antoniutti partean. Aurretik eman zituzten jakitera 2025eko sanferminetarako kontzertuak, baina gaur iragarri dute Gazteluko plazako agertokian hilaren 14an jaiak ixteaz arduratuko den taldea Sorotan Bele izango dela.

Iruñeko auzoetara ere iritsiko da jai-giroa, Txantrea, Mendebaldea, Arrotxapea, Etxabakoitz, Arrosadia eta Donibane auzoetara, kasu.

Ekitaldi horiek antolatzeko, 1,95 milioi euroko aurrekontua izan dute, aurreko urtean baino % 5,4 inguru handiagoa.