Jaurlaritzak diskoteketan atezain izateko betekizunak aldatzeko prozesua hasi du, Gasteizko Mitikan gazte bat hil ondotik
Gasteizko Mitika diskotekaren aurrean atezainak kolpea jota hil zen gaztearen gurasoek eskatuta, Eusko Legebiltzarreko gehiengo zabal batek Jaurlaritzari eskatu zion gaueko aisialdiko segurtasun pribatua arautzen duen legedia azter eta molda dezan, atezainek dituzten "jarrera oldarkorrak" saiheste aldera.
Gasteizko Mitika diskoeteka. Artxiboko argazkia.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak diskoteketan atezain izateko betekizunak aldatzeko prozedura abiatu du, joan den otsailean 31 urteko gazte bat Gasteizko Mitika diskotekaren aurrean hil ondoren, atezainak kolpatu eta lurrera erorita.
Hildako Kerman gaztearen familiak eskaera egin ondotik, Legebiltzarreko gehiengo zabal batek Eusko Jaurlaritzari eskatu zion langileen araudia berrikusteko, diskoteketan atezain aritzen diren langileen indarkeriazko jarrerak ekiditeko. Bi hilabete geroago, Jaurlaritzak legea berrikusteko izapideak hasi ditu.
Gertakariak otsailaren 23an izan ziren, Gasteizko Mitika dantzalekuaren atarian, atezainak Kerman, 31 urteko gaztea, kolpatu eta lurrera erori zen, eta buruan kolpe gogorra hartu zuen erorikoaren ondorioz. Gaztea bertan hil zen. Gasteizko 3 zenbakiko Instrukzio Epaitegiak Arabako espetxean sartu zuen diskotekako langilea, giza hilketa delitua egotzita.
Ondoren jakin zen, gainera, pareko salaketa gehiago zituela atezainak, lanean izandako jarrera oldarkorrengatik. Hori dela eta, Eusko Legebiltzarrak Jaurlaritzari eskatu zion "araudia aztertu eta alda zezan, indarkeriazko portaerak" ekiditeko.
Orain, Eusko Jaurlaritzak argitaratu du Joko eta Ikuskizunen zuzendari Nerea Aldayren ebazpen bat, aldaketa hori iragarrtzeko. Ebazpenak dio “duela gutxi izandako gertakari batzuen ondorioz" berrikusiko dela legea, Gasteizko kasua aipatu gabe. Zehazki, "diskoteketako atezainen gaitasunei dagokionez, kontrol zehatzagoa egiteko beharra” jarri dute mahai gainean.
Hemendik aurrera eta irailaren 15era arte, neurri horrek eragiten dien herritarrek eta erakundeek beren iritziak helaraz ditzakete arau-aldaketari buruz.