Abalos, Koldo Garcia eta Aldamaren aurkako epaiketa hasi da, maskarak iruzurrez erostea egotzita
Fiskaltzak eskatu du ministro ohiari 24 urteko espetxe-zigorra ezartzea; 19 urte, Garciari, eta 7 urte, Aldamari. 70 lekuko baino gehiago agertuko dira Auzitegi Gorenean.
Auzitegi Gorena astearte honetan hasi da Jose Luis Abalos ministro ohia, haren aholkulari ohia Koldo Garcia eta Victor de Aldama enpresaria epaitzen, pandemiaren garaian Garraio Ministerioak esleitutako maskaren kontratuetan izandako ustezko irregulartasunengatik. Fiskaltzak eskatu du Abalosi 24 urteko espetxe zigorra ezartzea; 19 urte eta erdikoa, Koldori, eta 7 urtekoa, Aldamari.
Une honetan Abalos eta Koldo espetxean daude, behin-behineko zigorra ezarrita baitute, iazko azaroaren 27an espetxeratu zituztenetik. Biek errugabetzat jo dute beren burua, eta ukatu egin dute deliturik egin izana.
Fiskaltzaren tesia
Ustelkeriaren aurkako fiskalak, Alejandro Luzunek, uste du hirurek adostu zutela ministro karguaz baliatzea administrazio kontratuak lortzeko, trukean etekin ekonomikoa jasota. Fiskaltzaren arabera, aberasteko asmoz jardun zuten, eta enpresaburuak bere intereseko enpresak bideratzen zituen kontratazio horietara.
Ustelkeriaren kontrako Fiskaltzak dio, halaber, Garraio Ministerioko beste kargudun eta funtzionario batzuen babesa izan zutela, baita Aldamaren inguruko enpresa ingurukoena eta Koldoren senideena ere. Fiskalaren arabera, sareak denboran irauteko asmoa zuen, eta urte batzuetan jardun zuen; 2021eko uztailean ahultzen hasi zen, Abalos eta Koldo Ministeriotik atera zirenean.
Fiskaltzak erakunde kriminal bateko kide izatea, eroskeria, informazio pribilegiatua baliatzea, eragin trafikoa eta diru publikoa bidegabe erabiltzea egozten dizkie Abalosi eta Koldori. Horrez gain, 3,8 milioi euroko isuna ere eskatu du.
Herri akusazioa
Aldamak zazpi urteko espetxe zigorra bete eta 3,7 milioi euroko isuna ordain dezala eskatzen dizkio fiskalak; izan ere, defentsan delituetako batzuk aitortu ditu, eta horregatik aringarri bat aplikatu diote. Bestalde, Alderdi Popularrak gidatutako herri akusazioek eskatzen dute 30 urteko espetxe zigorra ezar diezaieten Abalos eta Koldori, eta Aldamaren kasuan fiskalak eskatutakoa.
Epaiketa Auzitegi Goreneko osoko bilkuren aretoan egingo dute, 13 saiotan. Apirilaren 7tik 30era bitartean, 70 lekukotik gora igaroko dira epailearen aurretik. Auzipetuek amaieran deklaratuko dute, apirilaren 28an, ziurrenik.
Zure interesekoa izan daiteke
Zenbat kobratuko dut hauteskunde-mahai batean parte hartu behar baldin badut?
Behin-behinean espetxera bidali ditu epaileak terrorismo delitua egotzita Irunen atxilotutako bi lagunak
EAJren oinarriek asteazkenetik aurrera bozkatuko dituzte Batzar Nagusietarako hautagaitzak, Mendoza, Bengoetxea eta Gonzalez ahaldun nagusigai direla
Hondamendi eremu izendapena iragarri du Sanchezek Valentzian eta “herrialde mailako akordioa” eskatu du etorkizuneko larrialdietarako
Bizikidetzarako bidera batzeko deia egin die Jaurlaritzak "zor morala" dutenei
Anduezak ez du uste Irungo atxiloketen atzean "Euskadira indarkeria itzultzeko hazia" dagoenik