Zupiriak gaitzetsi egin ditu Flotillako ekintzaileak Loiura heldutakoan izandako istiluak eta "probokazioak"
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburua kezkatuta agertu da atzoko gertakariekin Ertzaintzaren irudia zikindu daitekeelako, are gehiago Palestinako gatazkarekin eta Israelen genozidioaren salaketekin lotzen direlako.
Zupiria, Durangon. Argazkia: EFE
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak gaitzetsi egin ditu atzo Global Sumud Flotillako zenbait ekintzaile Bilboko aireportura iritsi zirenean izandako istiluak, baita agenteei egindako "probokazioak" ere.
Ertzaintzak lau pertsona atxilotu zituen eta hainbat karga egin zituen aireportuan Flotillako ekintzaileen eta haien zain zeuden senide eta lagunen aurka.
Zupiriak bere gain hartu du Loiun gertatutakoaren erantzukizuna, eta esku hartu zuten agenteak indarrean dagoen araudia betez aritu ziren ikertuko dutela iragarri du, "egoera eragin zuten pertsona batzuen portaera" aztertzeaz gain.
Sailburuak kazetarien galderei erantzunez adierazi duenez, harreran bildutako pertsona batzuen jarrerak "probokazio hutsa" izan ziren.
Bestalde, orokorrean, denei zuzenduta aitortu du, egoerak "beste modu batera bideratu beharra" dagoela.
Halaber, atzo gertatutakoarekin Ertzaintzaren irudia zikindu daitekeela deitoratu du, are gehiago gertakariak Palestinako auziarekin eta Israelen genozidioaren salaketekin lotzen direlako. Palestinarekin Euskal Herriak duen atxikimenduaz kontziente dela ere gehitu du.
Kezka agertu du, Ertzaintza omen delako, azpimarratu du, euskal gizartean konfiantza handienetarikoa sortzen duen erakundea.