Fiskaltzak Begoña Gomezen absoluzioa eskatu du, deliturik egin ez zuela iritzita
Ministerio Fiskalak Gomezi pasaportea kentzearen aurkako helegitea aurkeztu du ere, eta Peinado epaileak hartutako beste erabaki batzuk "zentzurik gabekoak" direla adierazi du.
Begoña Gomez artxiboko irudi batean.
Madrilgo Probintzia Fiskaltzak Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearen emazte Begoña Gomez absolbitzeko eskaera egin du Juan Carlos Peinado epailearen aurrean, baita Cristina Alvarez aholkularia eta Juan Carlos Barrabes enpresaburua ere, deliturik egin ez zutela iritzita.
Ministerio Publikotik behin eta berriz eskatu diote 'Begoña Gomez auziko' instrukzio-epaileari auzia artxibatzeko, eta duela hilabete batzuk aurreratu zuten hiru akusatuen absoluzioa eskatuko zutela.
Epaileak, hala ere, ustezko delitu hauek egozten dizkio Gomezi eta haren aholkulariari: influentzia-trafikoa, negozioetako ustelkeria, bidegabeko jabetzea eta ondasun publikoak bidegabe erabiltzea. Barrabesi, berriz, lehenengo biak egozten dizkio, baina ez dio kautelazko neurririk ezarri.
Hazte Oir elkarteak zuzentzen dituen herri-akusazioek, berriz, 24 urteko kartzela-zigorra eskatzen dute Sanchezen emaztearentzat, 22koa aholkulariarentzat eta seikoa Barrabesentzat.
Pasaportea kentzearen aurkako errekurtsoa
Joan den ekainean, Gomezi, Alvarezi eta Barrabesi ahozko epaiketa irekitzea erabaki zuen Peinadok, herri-epaimahaiarekin, eta kautelazko hainbat neurri ezarri zizkien; besteak beste, lehenengo biei pasaportea kentzea, Espainiatik irtetea debekatzea eta hamabost egunean behin egoitza judizialean sinatzera behartzea, "auzi horren izapideak irauten duen bitartean eta ebazpen irmoa eman arte".
Testuinguru horretan, Madrilgo Fiskaltzak helegitea jarri du Gobernuko presidentearen emazteari eta Cristina Álvarez aholkulariari pasaportea kentzearen aurka, uste baitu neurri hori ez dela beharrezkoa. Haren esanetan, Gomezek eta Alvarezek "ez dute loturarik atzerriarekin" eta "ez dute ihes egiteko eta Espainiatik kanpo bizitzera joateko moduko ondasunik edo aktiborik".
Fiskaltzak kritikatu du, halaber, Begoña Gómez 15 egunean behin epaitegira joan behar izatea. Neurri horrek "zentzurik ez" duela uste du, ihes egiteko arriskurik ez dagoelako. Gainera, "logikarik eta arrazionaltasunik gabekotzat" jo du Peinadok pentsatzea estatuko gorputzak eta indarrak Gomezi laguntzera joango direla balizko ihesaldi batean.
Bere ustez, argudio horrek ez du justifikaziorik, ezta oinarri arrazionalik ere, eta "funtsik gabeko susmo-itzala zabaltzen du" erakunde horren gainean.
Zure interesekoa izan daiteke
Zenbat kobratuko dut hauteskunde-mahai batean parte hartu behar baldin badut?
Behin-behinean espetxera bidali ditu epaileak terrorismo delitua egotzita Irunen atxilotutako bi lagunak
EAJren oinarriek asteazkenetik aurrera bozkatuko dituzte Batzar Nagusietarako hautagaitzak, Mendoza, Bengoetxea eta Gonzalez ahaldun nagusigai direla
Hondamendi eremu izendapena iragarri du Sanchezek Valentzian eta “herrialde mailako akordioa” eskatu du etorkizuneko larrialdietarako
Bizikidetzarako bidera batzeko deia egin die Jaurlaritzak "zor morala" dutenei
Anduezak ez du uste Irungo atxiloketen atzean "Euskadira indarkeria itzultzeko hazia" dagoenik