Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak legea aldatzea adostu dute, delituak errepikatzen dituztenak zigortzeko
Helburua da delituak egin dituzten baina oraindik epai irmorik izan ez duten delitugileek "ondorioak" ordain ditzaten.
Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburua.
Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak konpromisoa hartu dute delituak errepikatzeari buruzko prozedura kriminalaren legea erreformatzeko, delituak egin dituzten baina oraindik epai irmorik izan ez duten pertsonek "ondorioak" ordain ditzaten.
Hala ziurtatu du Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak, Fernando Grande-Marlaska Barne ministroarekin batera, Euskal Autonomia Erkidegoko Segurtasun Batzordearen bileran, telematikoki egin dena.
Bilera amaitutakoan, Zupiriak agerraldia egin du Gasteizen lortutako akordioen berri emateko; izan ere, esparru publikoan arma zurien kontrola indartzeko arau-aldaketak ere adostu dira, baita beste zenbait akordio ere.
"Akordioek herritar guztiek partekatzen duten helburu batean aurrera egiten jarraitzeko aukera ematen digute: Euskadi Herri segurua izaten jarraitzea, erakundeek erantzuteko gaitasun handiagoa izatea eta Ertzaintza segurtasun integrala jokoan dagoen esparru guztietan erabat integratuta dagoen polizia integrala izatea", adierazi du Zupiriak
Akordioek honako arlo hauek hartzen dituzte:
Errepikatzen den delinkuentzia
Bi gobernuek adostu dute Prozedura Kriminalaren Legea aldatzea sustatzea, "errepikatzen den delinkuentziaren kasuen aurrean erantzun penal eta prozesal hobea emateko". Helburua da epai irmorik ez izateak, prozesu judizial baten luzapenaren ondorioz, ustezko delitugile gisa duen erantzukizuna saihesteko aukerarik ez ematea.
Eusko Jaurlaritzaren arabera, "horretarako, oinarrizko eskubideak, errugabetasun-presuntzioa, proportzionaltasuna eta kautelazko neurrien salbuespenezko izaera erabat errespetatuko dituen lege-erreforma proposamen bat bultzatzea aurreikusten da".
Arma zuriak
Segurtasun Batzordeak Armei buruzko Erregelamendua aldatzea adostu du, arma zurien eta bestelako objektu arriskutsuen eramatea edo erabiltzea prebenitzeko, kontrolatzeko eta zigortzeko neurriak indartzeko, bereziki jende gehien biltzen den establezimendu eta leku publikoetan.
Era berean, Herritarren Segurtasunaren aurkako Arau-hausteen Erregistro Zentrala martxan jartzea bultzatuko da. Erregistro horrek bermatuko du Euskal Poliziak elkarreragingarritasuna eta beharrezko informaziorako sarbidea izatea, Estatuan arau-hauste mota horiek behin eta berriz egiten dituzten pertsonak identifikatzeko.
Atzerritartasuna
Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak adostu dute Ertzaintzak parte hartzea atzerritarrak kanporatzeko prozeduretan egin beharreko segurtasunari eta ordena publikoari buruzko txosten polizialetan, delinkuentzia larria, errepikatzen den delinkuentzia, talde kriminaletako kide izatea, indarkeria, herritarren segurtasunaren nahasmendu larria edo Euskadiko ordena publikoari eragiten dioten kasuetan.
Droneak
Lortutako akordioak beharrezko arau-aldaketa sustatzea ere aurreikusten du, berariaz aitortzeko Euskadin UAS edo droneen operazioei buruzko aurretiazko komunikazioak jasotzea eta operazio horien gaineko administrazio-kontrol orokorra Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari eta Ertzaintzari dagozkiela.
Azkenik, Ertzaintzak Europako foroetan parte hartzea adostu da, baita segurtasun-zerbitzu pribatuen arloan aurrera egitea ere, Euskadik kontrol-, ikuskaritza-, zehapen- eta erregistro-eskumenak baliatzeko duen posizioa indartuz.