Gomendioak
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Bilbao BBK Liveko altxor ezkutuak

Sara Zozaya, Apparat, Tomora, Fatoumata Diawara, Cervatana... Bilbao BBK Liveko jaialdiko kartelaren letra handien itzalean aurkitu ditugun hainbat talde eta artista interesgarri zerrendatu ditugu.
Iragarkia
18:00 - 20:00
Bilbao BBK Live 2025. Foto: Sergio Albert.

Robbie Williams, Lily Allen, Calvin Harris… Izen handi horiek entzuten ditugu Bilbao BBK Liveren aurtengo edizioari gagozkiola… Baina 20. urtebetetzea ospatuko duen jaialdiko kartelean, beste hamaika eskaintza interesgarri ageri dira, letra txikiagoan, eta horiei begiratuko diegu.

* Osteguneko kartelarekin hasita, Sara Zozayaren kontzertua azpimarratuko dugu lehenik eta behin.

Euskal artistek ohi dutenez, Kobetamendiko ateak zabaltzearekin batera hasiko du Zozayak bere kontzertua, beste baten festan sartu den bisitari arrotza bailitzan. Eta inguruabar horretan “atta” EP atmosferikoa aurkeztuko du, iazko euskal disko onenetako bat.

Apparat Sascha Ring musikariaren proiektu dotorea da. Moderat taldeko kidea ere bada Ring, eta bakarkako proiektuan proposamen oso ireki eta aberatsa egiten du, intentsitate aldaketa, progresio eta geruza ugarikoa. Ez galdu eta saiatu bere giro hipnotikoan barneratzen!

Osteguneko beste kontzertu interesgarri bat Fatoumata Diawara Maliko musikari, aktore eta aktibistarena izango da. Soula eta jazza Maliko doinuekin nahasten ditu, dotore asko, gitarra eskuan duela. Aukera ederra izango da musika anglosaxoia, kartelean nagusi diren pop, rock eta musika urbanoa, bestelako doinuz aberasteko.

* Ostiraletik, Marte Lasarteren, Yeray Cortesen eta Tomoraren kontzertuak azpimarratuko ditugu.

Marte Lasarte taldea Skakeitaneko Pello Armendariz eta Borja Antonek osatzen dute, Lore Nekane Billelabeitia Belakoko kidearekin eta Alex Alonso ETSko kidearekin batera. Argi ibili atea irekitzeaz bat emango duten kontzertua ikusteko, bizi-bizia izango da eta, seguru.

Yeray Cortés gitarrista flamenkoaren izena C Tanganak eskaini zion dokumentalak haizatu zuen jendartera. Baina ez izan zalantzarik su musikal bizia dagoela ke horren azpian, eta Bilbao BBK Livera ekarriko duen tablaoan utziko du agerian hori alacantar musikariak, dena ondo bidean. 

Oso bestelakoa da Tomoraren proposamena. Aurora norvegiar abeslariak eta Tom Rowlands The Chemical Brothersko kideak osatzen dute bikoa, eta ahots noiz sarkorrak noiz xuxurlariak proposatzen ditu “Come closer” beren lehen diskoak, trip hopetik technora eta elektropoera lerratzen diren oinarri elektronikoen gainean.

* Larunbateko eskaintzatik, Barrrk, Cervatana eta Idles azpimarratuko ditugu.

Barrrk laudioar taldearen post punk, pop eta rock kantuak hozkada sakonak dira entzulearen belarrian. Andoaingo Rock Jaialdiko eguzkipean erakutsi zuten kemenaren erdia erakutsita ere, kontzertu gogoangarria emango dute Bilbon.

Cervatana Trianaren eta The Prodigyren saskiume emoa da. Derby Motoreta’s Burrito Kachimba taldeko kideak daude proiektu berri honen atzean, eta, itxuraz, ikustekoa ere izango da beren emanaldia, jakin-minez entzutekoa ez ezik.

Idles rockari azken hamarkadan gertatu zaion gauza onenetakoa da. Mezu antifaxista eta humanista zabaltzen dute, oinarri indartsu, gitarra zakar eta orro itxuraz oldarkor baina funtsean maitekorrez. Beren disko batek esaten duen bezala, poztasuna erresistentzia ekintza da. Ez galdu!

Iragarkia
18:00 - 20:00

Zure interesekoa izan daiteke

Oskorri argazkia Arantzazu
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Natxo de Felipe berriro oholtzara igo da Oskorrirekin argitaratu gabe geratu ziren abestiak berreskuratzeko

Natxo de Felipe musikari beteranoak abesti horiei hautsa kendu eta bizitza berri bat eman die "Abandonatuak" ikuskizunean, Arantzazuko Santutegian. Hitzordua Donostiako Musika Hamabostaldiaren programazioaren barruan txertatu da, eta EITBren parte-hartze eta babesarekin eraman da aurrera. Emanaldian, taldearen diskoetan sekula lekurik aurkitu ez zuten kantu horiek entzun ahal izan dira berriro, formatu berritu eta elektriko batean.

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Natxo de Felipe agertokietara itzuliko da "Abandonatuak" proiektu berriarekin

Oskorrik agur esan eta 11 urtera, Natxo de Felipe berriro igoko da agertokietara disko berri batekin: Abandonatuak. Argitaratu gabe geratu ziren talde mitikoaren kantuak berreskuratu ditu proiektu honetan, eta abuztuaren 20an zuzenean aurkeztuko du Arantzazuko Santutegian, Donostiako Musika Hamabostaldiaren programazioaren barruan. Philiperena taldearekin batera aritu da disko honetan, Xabier de Felipe, Przemysaw Pujanek, Esther Alba eta Karmele Castillorekin batera.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X