Jaurlaritzak "positibotzat" jo du Konstituzionalak euskarari buruz hartutako erabakia, eta Bilduk ohartarazi du "oldarraldia ez dela eten"
Behin Auzitegi Konstituzionalak Enplegu Publikoaren Legeari buruz emandako arrazoibidea ezagututa, erakundeek eta alderdi politikoek erreakzionatu egin dute. Eusko Jaurlaritzak albistea "positibotzat" jo du, eta iritzi horrekin bat egin du EH Bilduk ere. PSEk, berriz, "derrigortasun-indizeetan" jarri du arreta.
Lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Ibone Bengoetxeak adierazi du indarrean dagoen Enplegu Publikoaren Legeari buruz Auzitegi Konstituzionalak hartutako erabakia albiste "positiboa" dela, baina gogorarazi du oraindik ebatzi gabe daudela PPk eta Voxek Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren aurrean aurkeztutako errekurtsoak.
Era berean, Bengoetxeak esan du "lasai" dagoela, duela bi aste Eusko Legebiltzarrak onartutako lege berriak "segurtasun juridiko handiagoa duelako eta, aldi berean, ez duelako eskakizun handiagorik ezartzen".
Bengoetxeak adierazi du "arrisku bat bazegoela, eta, momentuz, arrisku hori ez dagoela"; hala ere, gogorarazi du errekurtsoen ebazpena "oraindik zain" dagoela.
Azkenik, Bengoetxeak ohartarazi du badagoela "uste moduko bat" Enplegu Publikoaren Legearen aldaketa honekin "administrazio publikoek, udalek, aldundiek eta Jaurlaritzak nahi dutena egin ahal izango dutela". "Badirudi honek neurriz kanpoko eskakizunak ekarriko dizkiela enplegu publiko batera aurkeztu nahi duten herritar guztiei, eta ez da horrela izango", azaldu du.
EH Bilduren erreakzioa
Bestalde, EH Bilduko legebiltzarkide eta Euskararen Normalizaziorako idazkari Josu Aztiriak Auzitegi Konstituzionalaren erabakia "albiste ontzat" jo du, baina ohartarazi du "euskararen aurkako oldarraldia ez dela amaitu".
"Albiste oso ona da euskararen benetako berdintasuna defendatzen dugunontzat eta gure hizkuntzaren normalizazioan aurrera egin nahi dugunontzat. Hala ere, euskararen aurkako oldarraldia ez da amaitu", adierazi du, eta gaineratu du EH Bilduk lanean jarraituko duela "gure hizkuntza nazionalari estatus berri bat emateko".
PSE: "Eztabaida ez dago hor"
PSEren aldetik, Euskara idazkari Pau Blasik garrantzia kendu dio Auzitegi Konstituzionalaren erabakiari. Haren esanetan, "hizkuntza-eztabaidaren muina ez dago kontsultagai izan den 187.5 artikulu horretan, baizik eta Enplegu Publikoaren Lege berriak ezabatu dituen derrigorrezko betetze-indizeen aplikazioan".
"1989tik indarrean dauden derrigorrezko betetze indizeen aplikazioaren inguruan egon da beti eztabaida, eta PNVk eta EH Bilduk joan den ekainaren 26an adostutako lege-erreformarekin zalantzan geratu dira", ohartarazi du.
Zure interesekoa izan daiteke
Zenbat kobratuko dut hauteskunde-mahai batean parte hartu behar baldin badut?
Behin-behinean espetxera bidali ditu epaileak terrorismo delitua egotzita Irunen atxilotutako bi lagunak
EAJren oinarriek asteazkenetik aurrera bozkatuko dituzte Batzar Nagusietarako hautagaitzak, Mendoza, Bengoetxea eta Gonzalez ahaldun nagusigai direla
Hondamendi eremu izendapena iragarri du Sanchezek Valentzian eta “herrialde mailako akordioa” eskatu du etorkizuneko larrialdietarako
Bizikidetzarako bidera batzeko deia egin die Jaurlaritzak "zor morala" dutenei
Anduezak ez du uste Irungo atxiloketen atzean "Euskadira indarkeria itzultzeko hazia" dagoenik