Donosti Cupen epaile lanetan ari zen ertzain batek eskoltatuta utzi du zelaia, jokalarien eta ikusleen jazarpenagatik
Epaileak partida bat behar baino lehen amaitu nahi zuen, jokalarien jokabidea bortitzegie zela iritzita, eta horrek jokalarien eta ikusleen haserrea piztu zuen. Donosti Cupeko antolatzaileek esan dutenez, "horrelako jokabideek ez dute lekurik gure txapelketan".
Ostiralean, epaile batek segurtasuneko eta Ertzaintzako langileek babestuta utzi zuen Zubietako futbol zelaia, partidan parte hartu zuten jokalariek eta ikusleek ertzain izateagatik jazarri eta iraindu ostean.
Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, Donosti Cupen epaile lanetan ari zen gizona ertzaina da lanbidez, eta partida bat, Saint Orens FCren eta Axular Lizeoaren artekoa, behar baino lehen amaitu nahi zuen, bi taldeetako jokalarien jokabidea bortitzegia zela iritzita.
Partida amaitu baino minutu batzuk lehenago, epaileak txartel gorria erakutsi zion partida jokatzen ari zen talde gipuzkoarreko jokalari bati, eta, ondorioz, bai jokalari titularrek, bai aulkian zeudenek, "inguratu eta oldartu egin zitzaizkion".
Publikoaren zati batek zelaia inbaditu zuen, eta segurtasuneko langileek epailea babestu eta aldagelaraino eskoltatu zuten.
Behin aldagelara iritsita, epailea iraintzen jarraitu zuten, "arbitro zipayo", "zipayo hijo de puta", "puto zipayo", "txakurrak" eta Ertzaintzaren aurkako kantak oihukatzen.
Gertakarien berri izan ostean, hainbat ertzain bertaratu ziren, eta zelaia jendez hustu zenean, epaileari handik joaten lagundu zioten.
Donosti Cupek adierazi duenez, "horrelako jokabideek ez dute lekurik gure txapelketan", eta lan egingo du "atzo Zubietan eta beste leku bakan batzuetan bizitako egoerak errepika ez daitezen".
Segurtasun Sailak "gogor" gaitzetsi du gertatutakoa, eta elkartasuna adierazi dio ertzainari, "ikusleen eta partidako jokalarien jazarpenaren eta irainen biktima izan delako". "Onartezinak diren gertakariak dira, elkarbizitzaren aurka zuzenean egiten dutenak", adierazi du Bingen Zupiriak zuzentzen duen Sailak.
Zure interesekoa izan daiteke
Zenbat kobratuko dut hauteskunde-mahai batean parte hartu behar baldin badut?
Behin-behinean espetxera bidali ditu epaileak terrorismo delitua egotzita Irunen atxilotutako bi lagunak
EAJren oinarriek asteazkenetik aurrera bozkatuko dituzte Batzar Nagusietarako hautagaitzak, Mendoza, Bengoetxea eta Gonzalez ahaldun nagusigai direla
Hondamendi eremu izendapena iragarri du Sanchezek Valentzian eta “herrialde mailako akordioa” eskatu du etorkizuneko larrialdietarako
Bizikidetzarako bidera batzeko deia egin die Jaurlaritzak "zor morala" dutenei
Anduezak ez du uste Irungo atxiloketen atzean "Euskadira indarkeria itzultzeko hazia" dagoenik