Ekain Perrinoren erasotzaile ia guztiei 2 urteko kartzela zigorra ezarri diete, gorroto-delituagatik
Eraso homofoboaren hamaika egileetatik hamarri 2 urteko espetxe-zigorra ezarri diete, eta hamaikagarrenari, 14 hilabetekoa. Denei 500 metroko urruntze agindua eta isunak ere ezarri dizkiete. Ekain Perrinori eraso bortitza egin zioten, 2021eko ekainean, Basaurin.
EITBren bideo baten argazkia
Justiziak Ekain Perrinok 2021ean Basaurin jasandako eraso homofoboaren egile gehienak zigortu ditu. Hamaika egileetatik hamarrek bi urteko espetxe zigorra jaso dute, osotasun moralaren aurkako delituagatik; hamaikagarrenari, berriz, 14 hilabeteko kartzela zigorra eta zortzi hilabeteko isuna ezarri diote.
Orainek epaiaren berri jakin du, eta, horren arabera, guztiei 500 metroko eta bi urterako urruntze-agindua ezarri zaie, eta isunak ordaindu beharko dituzte.
Epaileek autoan adierazi dutenez, erasoaren egileek Perrino inguratu zuten Bizkotxaldeko parkean, konorterik gabe uzteraino kolpatu, eta irain homofoboak egin zizkioten, hala nola “marikoi zikina”, eta bertatik alde egiteko agintzen zioten bitartean, “nazkagarria" zela oihukatzen zioten.
Auzitegiak gorroto-delitu argitzat eta osotasun moralaren aurkako delitutzat jo du jokabidea, eta nagusitasun-abusuaren astungarria aplikatu diete. Gaineratu dutenez, gertakariaren intentsitateak eta behin eta berriz errepikatu izanak erakusten du "bazterkeriazko zio argia izan zutela, bere sexu orientazioagatik".
Epaileen arabera, erasoaren ondotik, biktimak antsietate handiko egokitze-nahasmendua izan zuen, eraso kolektibo eta publikoaren ondorio zuzena. Magistratuek “piztia talde” gisa deskribatu dituzte erasotzaileak. Era berean, Perrinoren testigantzaren sinesgarritasuna lekukoek berretsi zutela eta akusatuen koartadek oinarririk ez dutela nabarmentzen du sententziak.
Epaia oraindik ez da irmoa, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Arlo Zibileko eta Zigor-arloko Salan errekurritu daiteke.
Eraso bortitza
Erasoa 2021eko ekainaren 6ko goizaldean gertatu zen, Bizkotxalde parkean, Basaurin. Lagun talde batek eraso egin zion Perrinori, eta, salatu zuenez, konorterik gabe utzi zuten, “marikoi zikina” deitzen zioten bitartean. Ertzainek berehala identifikatu zituzten erasotzaile guztiak, gertakarien lekura bertaratu zirenean.
Auzi-saioa epaiaren zain geratu zen pasa den martxoaren 11n. Epaiketaren azken egunean, akusatuek ukatu egin zuten Perrinoren aurkako irain homofoboak egin izana eta haren sexu-orientazioagatik eraso egin izana.
Hala ere, aurreko auzi-saio batean, biktimak ustezko erasotzaile guztiak identifikatu zituen. Gaineratu zuenez, eraso horren ondoren, kalean ikusten ditu "egunero" eta, bost urte igarota ere, tratamenduan jarraitzen du bizi izandakoak bere osasun mentalari kalte egin diolako.
Zure interesekoa izan daiteke
Labankadaz hil dute emakume bat Madrilen, eta hilketa matxista posibletzat ikertzen ari dira
Gasteiz eta Bilbo arteko N-222 errepidea itxita dago, kamioi batek istripua izan ondoren
4.700 lagun baino gehiago txertoguneen lehen egunean
Ibai azpiko tunelaren lanak hasi dira Sestaon
Bengoetxearen ustez, azterketak berriz planteatu behar dira, adimen artifizialaren eraginez
Gaixotasun profesionaltzat jo dute ospitale batean kutsatu zen zeladore baten covid iraunkorra
Sexuak eta maila ekonomikoak eragina dute osasunerako arrisku faktore nagusietan, OMEren arabera
Frankismoari lotutako bi kaleren izenak aldatuko dituzte Gasteizen, eta Paz Diaz de Espada eta Frida Kahlo deituko dira aurrerantzean
Osakidetzako filtrazioengatik epaitutako oposiziogileak aitaginarrebak prestatutako 50 galderetatik 48 asmatu zituen, lekuko baten arabera