Pablo Ibarren auziko epaileak baztertu egin du lekuko berri batek deklaratzea
Erabakia ez da irmoa eta euskal jatorriko preso estatubatuarraren defentsak helegitea aurkeztuko du, hura errugabe jo lezakeen lekukoak deklaratu dezan.
Pablo Ibar biziarteko kartzela zigorra betetzen ari da Floridako kartzela batean, 1994an hiru pertsona hiltzea egotzita. Artxiboko argazkia: Europa Press
Pablo Ibar auziko instrukzio epaileak atzera bota du defentsaren eskaria, eta, hortaz, euskal jatorriko preso estatubatuarraren abokatuaren arabera hura errugabe jo lezakeen lekuko berriak ez du oraingoz deklaratuko. Ibar biziarteko kartzela zigorra betetzen ari da 1994an, Floridan, hiru pertsona hiltzea leporatuta.
Hala jakinarazi du Pablo Ibar Epaiketa Justua elkarteak asteazken honetan zabaldu duen ohar batean. Hala ere, erabakia ez da irmoa eta helegitea aurkeztuko dute apelazio auzitegian.
Pasa den uztailean Fiskaltzak Pablo Ibarren kasua berrikustea baztertu zuen, eta lekuko horrek deklaratu ahal izateko bista bat egitearen aurka agertu zen.
Iaz, Ibar errugabea dela dioen lekuko baten zinpeko deklarazioa aurkeztu zuen Daniel Tibbit abokatuak AEBko auzitegietan. Are gehiago, lekuko horrek bi pertsona identifikatu zituen Ibar zigortutako hiru hilketa horien egile gisa.
Testigantza berri hori aintzat hartuta, Ibar auzia berriro irekitzea eta beste epaiketa bat egitea eskatu zuen defentsa abokatuak.
Pablo Ibar Epaiketa Justua elkarteak adierazi duenez, Floridako epailearen erabakia "kolpea" izan da Ibarrentzat, "errugabea dela frogatzeko beste aukera bat izatea espero zuelako".
Hala ere, Tibbitt abokatuak espero du helegitea onartzea eta lekuko berriak deklaratu ahal izatea.
Zure interesekoa izan daiteke