Fiskaltzak baztertu egin du Pablo Ibar kasuan lekuko berri bat galdekatzea
Jatorri euskalduna duen presoaren defentsak hura errugabetu lezakeen lekukotza du, eta alegazioak aurkeztuko ditu epaileak beste prozesu bat abia dezan.
Pablo Ibar, artxiboko irudi batean. Argazkia: Europa Press.
Fiskaltzak baztertu egin du Pablo Ibarren defentsak aurkeztutako lekuko bati deklarazioa hartzea. Ibar biziarteko kartzela-zigorra betetzen ari da 1994an hiru hilketa egin izana egotzita, eta lekuko horren testigantzak Ibar errugabetu lezake.
Andres Krakenberger Pablo Ibar Epaiketa Justua elkarteko bozeramaileak gaur azaldu duenez, defentsak errekurtsoa aurkeztuko du Fiskaltzaren alegazioen aurrean, epaileak beste prozesu bat abia dezan.
Krakenbergerren arabera, Fiskaltzak 900 orrialde baino gehiagoko idatzi bat aurkeztu du, baina haren alegazio gehienak “prozesalak baino ez dira”. Horien artean jaso du, besteak beste, lekuko horren testigantza “ez dela onargarria, ez zituelako gertakariak ikusi”.
Aurkeztutako argudio ez-prozesal bakarrak hilketen egilearen kamisetan aurkitutako DNAri egiten dio erreferentzia. Kamiseta horretan “Pabloren DNAren aztarna ñimiño bat” aurkitu zuten, Krakenbergerren esanetan, “eta horrek heriotza-zigorra saihesteko balio izan zuen”.
Defentsak hilabete baino gutxiagoko epean aurkeztuko du errekurtsoa Fiskaltzaren alegazioen aurrean, eta “epaileak erabakiko du beste prozesu bat irekiko duen ala ez”, azaldu du. Horrez gain, froga-entzunaldia eskatu dute, lekuko horrek deklaratzeko.