Madrilgo eta Avilako suteek 88.500 pertsona ebakuatzera edo konfinatzera behartu dituzte
Suteek ia 45.000 hektarea kiskali dituzte. Espainiako Gobernuak Toledoko probintziara zabaldu du suteengatik ezarritako larrialdi nazionala. Marlaska ministroak gau "oso zaila" iragarri du, suteen "batasun teknikoaren" ostean.
Madrilgo Erkidegoko hego-mendebaldean eta Avilako probintzian piztutako baso-sute handiek kontrolik gabe jarraitzen dute.
Haizearen norabidea etengabe aldatzen ari denez, zaildu egin dira sua itzaltzeko lanak, eta ebakuazio eta konfinamendu gehiago agintzera behartu ditu agintariak bi erkidegoen arteko mugaren bi aldeetan. Azken neurrietako batzuk izan dira Valdemaquedako eta San Martin de Valdeiglesiaseko konfinamenduak eta Cenicientoseko ebakuazioa; herri horretan zegoen Aginte Aurreratua. Navalcarneron jarri dute aginte-mahaia.
Larrialdiaren ondorioz, 88.500 pertsona ebakuatu edo konfinatu dituzte dagoeneko. Madrilgo Erkidegoan 29.488 pertsona ebakuatu eta 21.132 konfinatu dituzte; Avilako probintzian, berriz, 30.000 pertsona inguru ebakuatu eta beste 8.000 inguru konfinatu dituzte. Bien bitartean, suteek 45.000 hektarea baino gehiago kiskali dituzte jada.
Espainiako Gobernuak Toledoko probintziara zabaldu du arratsaldean, suteengatik ezarritako larrialdi nazionala.
Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak onartu du Avilako eta Madrilgo hegoaldean dauden suteen bilakaeraren ondorioz agintariak "ezkorrago" daudela aurreko egunarekin alderatuta, eta ohartarazi du gaua "oso zaila" izango dela, San Martin de Valdeiglesiasen suteen "batasun teknikoaren" ostean, baina "konfiantza" mezua helarazi nahi izan die herritarrei, eta eskura dauden baliabide guztiak modu koordinatuan ari direla lanean larrialdiari aurre egiteko balioan jarri du.
Larrialdiaren tamaina dela eta, Europar Batasunak Babes Zibilerako Mekanismoa aktibatu du. Horren bidez, lau hegazkin anfibio bidaliko ditu sua itzaltzeko lanetan laguntzera: bi Greziatik iritsiko dira, eta beste bi Italiatik.
Bizkaiak ere 30 suhiltzailez eta baso-langilez osatutako taldea bidali du sua itzaltzeko lanetan laguntzera. Operatiboa larunbat goizaldean abiatu da Basauriko suhiltzaile-etxetik, 13 ibilgailurekin eta larrialdi-zerbitzuei laguntzeko berariazko materialarekin.
Espainiako Gobernuak 1.201 militar eta UMEren lurreko 400 baliabide ditu larrialdian lanean. Horiez gain, Guardia Zibileko eta Babes Zibileko 1.100 agente baino gehiago, 20 aire-baliabide baino gehiago eta Espainiako Poliziako 220 agente ari dira suteei aurre egiten. Operatiboa indartzen jarraitzen dute, suaren bilakaeraren arabera.
Pedro Sanchez
Ordu zailak aurretik, baina itxaropenerako tartearekin
Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchez larunbat honetan Cenicientosen ezarritako Aginte Aurreratura joan da, Madrilgo Erkidegoko eta Avilako suteen bilakaera bertatik bertara ezagutzeko. Ohartarazi duenez, datozen orduak "zailak" izango dira, baina eguraldiaren iragarpenek asteburu honetan sua kontrolatzeko "aukera-leiho bat" ireki dezaketela nabarmendu du.
Halaber, iragarri du Madrilgo Erkidegoko eta Avilako suteak larrialdi bakar gisa kudeatuko dituztela hemendik aurrera. Horretarako, aginte bateratua ezarriko dute, koordinazioa hobetzeko eta erabakiak azkarrago hartzeko.
Bestalde, Sanchezek berriro eskatu du estatu-ituna, klima-larrialdiei aurre egiteko. Haren esanetan, gero eta maizago gertatzen diren horrelako fenomenoek prebentzioa, erakundeen arteko koordinazioa eta erantzuteko gaitasuna indartzea eskatzen dute. Horregatik, administrazioen eta indar politikoen arteko adostasunerako deia egin du.
Azkenik, presidenteak azpimarratu du lehentasuna herritarren bizitza babestea dela, baita biztanleguneak defendatzea eta, ondoren, suteei aurre egitea ere. Era berean, sua itzaltzeko baliabideak eta langileak bidali dituzten hamar autonomia-erkidegoen lankidetza eskertu du.
Maskara erabiltzea gomendatu dute
Espainiako Osasun ministro Monica Garciak kaltetutako eremuetako herritarrei aire zabalean ez egoteko gomendatu die, suteen keak eragindako airearen kalitate txarra dela eta.
Azaldu duenez, PM2,5 partikula kutsatzaileen mailak Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) gomendatutako mugen gainetik daude. Horregatik, etxetik atera behar izanez gero, FFP2 edo FFP3 maskarak eta babes-betaurrekoak erabiltzea gomendatu du.
Halaber, ateak eta leihoak itxita edukitzeko, ezinbestekoak ez diren joan-etorriak saihesteko eta arnasa hartzeko zailtasunak, bularreko mina edo aire falta izanez gero, osasun-zentro batera jotzeko eskatu du.
Suteek eragindako kutsaduragatik, Madrilen aire zabalean ez egoteko eskatu du Osasun Ministerioak
Zure interesekoa izan daiteke
Bengoetxea: "Epaia sakon aztertuko dugu, helegitea aurkeztu edo ez erabaki eta moldatzen ari garen dekretua hobetzeko"
Oporrak baimenik gabe 17 egunez luzatu zituen langile baten kaleratzea berretsi du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak