Urriak 18 Menopausiaren Munduko Eguna
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Menopausia 35 urterekin: nola eragiten dio emakumearen gorputzari eta buruari?

Menopausia goiztiarrak dakarren estrogeno-galerak eragin zuzena du emakumearen osasun fisikoan, mentalean eta ugalkortasunean. Zer tratamendu-aukera eskaintzen ditu gaur egun zientziak?

Iragarkia
18:00 - 20:00

Hilerokoaren amaierak eta menopausia goiz iristeak emakumearen osasun fisikoa eta mentala baldintzatu egiten ditu, estrogenoen babes-efektua galtzearen ondorioz. Menopausia goiztiarra (40-45 urterekin) eta menopausia oso goiztiarra (40 urte bete aurretik) bereizten ditu egun zientziak.

Hona hemen menopausia patologikoaren inguruan jakin beharreko guztia, Virginia Canales Arrasate Uribeko ESIko Urdulizko Ospitaleko ginekologoaren eskutik.

Abisu-seinaleak: non jarri arreta?

Kausak askotarikoak eta sintomak aldakorrak izan daitezkeen arren, alerta-seinalerik ohikoena hilerokoaren erregulartasun-eza da: "hiru edo lau hilabete hilekorik gabe, gero berriro etortzea, eta beste denbora baten buruan beste lau edo bost hilabete etorri gabe", zehaztu du Canalesek.

Gainera, sintoma klasikoak gaineratzen dira, hala nola bero-sentsazioak, animo-aldaketak, loaren kalitate txarra, lehortasuna eta deserosotasuna sexu-harremanetan. "Horiekin hasten direnean, normalean gure kontsultara etortzen dira", adierazi du Canalesek. "Patroia errepikatzen bada eta urtebetean oso hileroko gutxi dituztela eta sintomak dituztela ikusten badugu, analitikak eta azterketak egiten ditugu diagnostikora iritsi arte", gaineratu du.

Euskadin estatistikarik ez dagoen arren, uste da menopausia goiztiarra edo oso goiztiarra izateko probabilitatea % 1-3koa dela 40 urtetik beherako emakumeetan, eta % 10ekoa, 45 urtetik beherakoen kasuan. "Jendeak gehiago eta lehenago kontsultatzen du. Lehenago kontsultatzen bada, haritik tiraka hasi eta diagnostiko gehiago egiten dira", azaldu du ginekologoak.

❝

Menopausia fisiologikoa gertakari biologikoa da, eta 50 urte inguruan gertatzen da; menopausia patologikoa, berriz, 40 urte bete aurretik gertatzen da

Hormona-galera goiztiarraren arriskuak

Menopausia fisiologikoan hilerokoaren amaiera modu naturalean iristen da, goiztiarrean, ordea, emakumeek egoera patologiko bati egin behar diote aurre. Estrogenoak hain goiz galtzen direnez, organismoa babesgabe geratzen da hormona horiek babes gisa jokatzen duten fronte guztietan: sistema kardiobaskularra, hezur-osasuna eta osasun neurologikoa.

Horrela, infartuak eta iktusak izateko arriskua handitzen da, odol-hodietan duen eragin zuzenagatik. Halaber, trabekula-sistema modu azeleratuan ahultzen da, eta, ondorioz, osteoporosia izateko arriskua handitu egiten da. Gainera, paziente askok kontzentrazio-arazoak, memoria-hutsak eta buru-lainoa pairatzen dituzte. Canalesek adierazi duenez, gainera, "azterketa batzuek menopausia goiztiarra dementzia mota batzuekin lotzen dute".

Menopausia goiztiarra dut, ama izan naiteke?

Menopausia goiztiarra ama izan nahi duen emakume bati diagnostikatzen diotenean, talde medikoak erreserba obarikoa aztertzen du. Batzuetan, ernalkortasun naturalaren hondarrak daude, baxuak badira ere. Kasu konplexuenetan —X kromosomari lotutako alterazio kromosomikoak edo kimioterapia eta erradioterapia tratamendu onkologiko gogorren ondoren—, aukera batzuk daude: obulu-donazioa eta aldez aurreko prebentzio-neurrik, hala nola obuluak bitrifikatzea.

Neurrirako tratamenduak

Eskura dauden farmakoak menopausia konbentzionala tratatzeko erabilitakoen berdintsuak dira, baina errezetatzeko bi faktore hartzen dira kontuan: menopausia fisiologikoa izan arteko tartea eta menopausia goiztiar horren jatorri medikoa.

Menopausia fisiologikoaren kasuan 5 urte inguruko muga ezartzen bada, paziente gazteei sakoz ere onurak gehiago ekartzen dizkie kontraindikazioak baino, eta menopausia fisiologikoak iritsi beharko lukeen adinera arte mantendu ohi da (50 urte inguru).

Terapia-aukerak oso zabalak dira eta bizi-beharretara egokitzen dira. "Emakume bakoitzaren nahiak kontuan hartu behar ditugu: ama izan nahi duten ala ez, horren arabera estrogenoak eta tratamenduak aldatu daitezkeelako (sintetikoak, naturalak...)", azaldu du Osakidetzako ginekologoak, "aukera-sorta oso zabala dago".

Gainera, diagnostikoa egin ondoren, euskal osasun-sistemaren protokoloak paziente horiek ugalketa lagunduko kontsultetara bideratzea ahalbidetzen du, beharrezkoa izanez gero. "Laguntza psikologikoa ere ematen diegu, une jakin batean honi aurre egitea gogorra izan daitekeelako", batez ere zahartze goiztiarrari lotutako sintoma fisikoak agertzen direnean (artralgiak edo artikulazio-minak).

❝

Menopausia goiztiarrerako terapia hormonala menopausia fisiologikoaren adinera arte hartzen da

Prebentzioa eta jarrera lehen sintomen aurrean

Gomendio gisa, ginekologoak "ahalik eta bizitza osasuntsuena egitea" gomendatu du: ariketa fisikoa modu erregularrean egitea, tabakoa saihestea, dieta orekatua izatea eta harreman sozialak zaintzea. "Horrek babestu egingo gaitu eta sintoma arinagoak izaten lagunduko du, seguruenik", ziurtatu du.

Eta azken aholku bat: "sintomak agertzen badira, ez itxaron oso gaizki egon arte". "Zoaz zure medikuarengana, azaldu eta elkarrekin baloratuko duzue zer den egokiena", animatu du Canalesek.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X