URRIAK 18 MENOPAUSIAREN NAZIOARTEKO EGUNA

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Menopausiarako Terapia Hormonala (MTH): segurua eta egokia da emakume guztientzat?

Bularreko minbizia izateko arriskua handitzen al du? Noiz komeni da hura hartzen hastea? Zalantza horiek eta beste hainbat argitu ditugu Virginia Canales Osakidetzako ginekologoarekin.

Terapia Hormonal de la Menopausia (THM): ¿segura y adecuada para todas las mujeres?
¿Aumenta el riesgo de cáncer de mama? ¿Cuándo es aconsejable empezar a tomarla? Resolvemos estas y más dudas con la ginecóloga de Osakidetza Virginia Canales.

Menopausiarako terapia hormonala (MTH) menopausiaren sintoma moderatuak edo larriak dituzten emakumeentzako tratamendua da, eta babesle gisa jokatzen du une egokian ematen bada.

Uribeko ESIko Urdulizko Ospitaleko (Bizkaia) ginekologoa den Virginia Canales Arrasaterekin izan gara solasean, mitoak hausten eta zientziak emakumeentzat segurua eta eraginkorra dela ebatzi duen tratamenduaren inguruko zalantzak argitzen.

Zein emakumerentzat da egokia eta noiz hasi behar da?

Aurreko hamarkadetako ikerketek menopausiarako terapia hormonalaren segurtasunaren inguruko zalantzak sortu zituzten arren, egungo ebidentzia zientifikoak haren erabilera babestu egiten du; hala ere, Virginia Canales ginekologoak funtsezko baldintza bat azpimarratzen du: ez da tratamendu prebentiboa. "Perimenopausian edo menopausian dauden eta bizi-kalitateari zuzenean eragiten dioten sintomak pairatzen dituzten emakumeentzat da egokia", azaldu du, "batez ere sintomak moderatuak eta larriak direnean".

Emakumeak sintoma horiekin Ginekologia kontsultara iristen direnean, azterketa medikoa eta galdetegi bat egiten zaizkie, tratamendua agindu aurretik kontraindikazio posibleak atzemateko.

Nahiz eta adin-muga zorrotzik ez egon, gomendio medikoa da menstruazioa behin betiko eten (gutxienez 12 hilabete jarraian hilekorik gabe egon ondoren) eta lehen hamar urteetan hastea tratamendua. "Aukera-leiho" horretan, estrogeno-faltak gorputzean eragiten dituen aldaketa estruktural eta baskularrak lehengoratu egiten dira, "odol-hodien endotelioan gertatzen den bezala".

2002ko WHI ikerketaren itzala

AEBko Women's Health Initiative (WHI) erakundearen 2002ko entseguak menopausiaren terapia hormonala bularreko minbizia eta infartuak izateko arriskua handitzearekin lotu zuen. Hamarkadetan zehar, terapia hormonala kaltegarritzat jo izan da.

Geroago, makroazterketa horri orrazketak egin zizkioten, batez ere parte-hartzaileen profilari dagokionez: batez beste 63 urte zituzten emakumeak aztertu zituzten, horietako askok aurretik patologiak zituzten eta menopausia hamar urtez baino gehiagoz izan zuten.

❝

Menopausia fisiologikoa 50 urte inguruan gertatu ohi da, baina sintomak urte batzuk lehenago has daitezke

Zertan datza eta zer formatutan ematen da?

Terapia horren helburua estrogeno-galera naturala ordezkatzea da. Gaur egun, Osakidetzako medikuek menopausiarako terapia hormonala agintzen dutenean, formatu askotan egiten dute: pilulak (ahoz), txaplatak, gelak eta espraiak (bide transdermikoa), baita kremak eta obuluak ere (bagina bidez).

Pazienteak umetokia badu, estrogenoa gestageno (progesterona) batekin batera eman behar da. Estrogenoak hezurrak eta sistema kardiobaskularra babesten dituen bitartean, umetokian endometrioko minbizia izateko arriskua handitu dezake; gestagenoaren eginkizuna, hain zuzen ere, arrisku hori txikitzea da.

❝

Menopausiarako terapia hormonala gehienez 5 urtez hartu behar da

Onurak eta arriskuak

Canalesek azaldu duenez, "gaixoek hobekuntza klinikoa antzematen dute, ia berehala, lehen hilabetetik bertatik". Epe laburrean, beroa, lo egiteko zailtasunak eta baginaren lehortasunaren eta sexu-harremanetako mina arintzen dira.

Epe luzera, "hilabeteetan edo urteetan hartuta", tratamenduak hezurren kalitatea zaintzen laguntzen du —osteoporosiak eragindako hausturak izateko arriskua murrizten du— eta osasun kardiobaskularra babesten du —infartuak izateko probabilitatea murrizten du—.

Arrisku potentzialari dagokionez, Canalesek azaldu duenez, “arriskuak egon badaude, baina testuingurua ezagutu behar da". Hau da, edozein emakumek bizitzan zehar bularreko minbizia izateko probabilitatea % 12koa da, eta tratamendu hori urteetan zehar eginez gero, ehunekoa apur bat igotzen da, % 14raino.

"Pazienteak sintomak baditu eta gaizki badabil, onurak askoz handiagoak dira arrisku potentzialaren igoera txiki horrekin alderatuta", nabarmendu du ginekologoak, baina azken hitza pazienteak izango du beti.

Botiken hornidura-arazoak

Azken hilabeteetan, menopausiarako terapia hormonala jasotzen ari diren emakumeen botika horien hornidura txikia da, eta batez ere tratamendu transdermikoei eragiten die (txaplatak, gelak eta espraiak).

Arrazoia eskariaren igoeran datza. Virginia Canales Osakidetzako ginekologoak azaldu duenez, medikuek gero eta gehiago errezetatzen dute bide transdermikoa eta gutxiago ahozkoa, larruazal bidezkoak "gibelean geratzea saihestu eta koagulazio-alterazioen arriskua murriztu" egiten duelako. Irizpide-aldaketa horrek botikek eskaria areagotu du, eta gaur egun ezin diote aurre egin.

Iragarkia
18:00 - 20:00

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X