Aldaban geldituta eta argindar hornidura barik geratu den tren bateko 84 bidaiariak ebakuatu dituzte
Bidaiariak Zuastiko haurtzaindegira eraman dituzte, Renfek jarritako autobusak iritsi bitartean aterpea izateko. Gorabehera hori dela eta, bertan behera geratu da Gasteizerako trenen zirkulazioa.
Bidaiariak trenbidearen paretik oinez joan dira aterpe bila. Argazkia: Europa Press
Aldaban, Iruñetik 10 bat kilometrora, geldituta eta argindar hornidura barik geratu den tren bateko 84 bidaiariak ebakuatu eta artatu ditu Foruzaingoak. Gorabehera horren ondorioz, trenen zirkulazioa bertan behera geratu da Gasteizeko bidean.
Tren barruan ke usaina igarri dute, eta, badaezpada, larrialdietarako dispositiboa aktibatu dute. SOS Nafarroak suhiltzaileak eta foruzainak bidali ditu bertara. Lehenengoek trena ikuskatu dute, eta bigarrenak bidaiariez arduratu dira. Guardia Zibilaren patruila bat ere ibili da zeregin horietan laguntzen.
Trenak aurrera egin ezin zuela eta, Foruzaingoak erabat hustu du trena, eta 84 bidaiariak Zuastiko haurtzaindegira eraman dituzte. Alkateak aterpe gisa eskaini du, Renfek bertara bidali dituen autobusak heldu arte.
"Lekuko agintarien lana ezinbestekoa izan da. Alkatea berehala agertu da haurtzaindegia zabaldu eta atontzeko. Hotzetik babestuta, bidaiariak egoera onean izan dira gorabehera kudeatu bitartean", esan du Foruzaingoak.
Suhiltzaileek trena ikuskatu dute eta ez dute arazorik atzeman. Dena dela, Gasteizerako trenen zirkulazioa etenda geratu da, behin-behinean.