Med Emre ontzia: Espainiako Gobernua aztertzen ari da nola eta zein portutara eraman, baina Balearretako Gobernuak baztertu egin du uharteetara eramateko aukera
Marlaskaren esanetan, "ez dago inolako isurketa-arriskurik". Hala ere, Balearretako gobernuaren bozeramaileak atea itxi di ontzia bertan jasotzeko aukerari: "Balearretako portuak ez daude eskuragarri".
Ontzia iraulita dago. Argazkia: Itsas Salbamendua
Balearretako erkidegoko gobernuak (PP) uko egin dio Med Emre ontzia uharteetara eramateari, eta Estatuko Gobernuari aukera hori oztopatu dio.
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak eta Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak irtenbidea "aurki" izango dela iragarri dute. Sanchezek Cadena Ser irrati-katean egindako elkarrizketa batean adierazi duenez, "datozen ordu eta egunetan ikusiko dugu nola eraman dezakegun portu seguru batera, krisi hau konpontzeko".
Ontzia irauli egin da, eta ez dute argitu atoian horrelaxe eramango duten edo ez. Presidenteak ziurtatu du prozedura "irizpide teknikoen" arabera gidatuko dela eta ontzia "portu seguru" batera eramango dutela. Baina Balear Uharteek ez dute onartzen balizko portu hori beren erkidegoan izatea: "Hitz egin behar duenak hitz egin dezala", adierazi du Antoni Costa balear Gobernuaren bozeramaileak.
Estatuko Gobernuak zamaontzia erreskatatzeko estrategiaren berri eman diezaiola eskatu du Costak. Bere ustez, informazio hori funtsezkoa da "Balearretako eta Espainia osoko herritarren lasaitasunerako".
7.000 tona "isurtzeko arriskurik gabe"
Marlaskak ziurtatu du "kaskoa osorik" dagoela eta ontzia arrastaka eramatea "egingarria" dela, eta ez dagoela "inolako arriskurik". 7.000 tona itsas gasolio zeramatzan ontzia Valentzia eta Eivissa artean hondoratu zen ostegunean.
Nolanahi ere, Itsas Plan Nazionalaren 2. maila aktibatu zen, eta lehen presidenteordea, Carlos Cuerpo, atzo bertaratu zen. Ontziak 17 tripulatzaile zeramatzan. Horietako bat hil egin zen eta beste sei arin zauritu ziren.