Bilbon eraildako emakumea "oinarrizko" arriskutzat jo zuen Ertzaintzak
Hala azaldu du Emakundek. Maila horren arabera, "indarkeriazko gertakari gehiago izateko probabilitate txikia dago". Bikotekide ohiak urruntze-agindua zuen. Emakumearen bi seme-alaba adingabeak etxean zeuden hilketaren unean.
Bilbon bikotekide ohiak erahildako emakumea "oinarrizko arriskutzat" jo zuen Ertzaintzak, Miren Elgarresta Emakundeko zuzendari nagusiak azaldu duenez. "Informazio hori besterik ez dugu oraingoz", zehaztu du.
Elgarrestak hilketa gaitzetsi du Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean. Gainera, hilketaren unean emakumearen bi seme-alaba "txikiak" etxean zeudela baieztatu du.
Hildako emakumeak eta haren bikotekide ohiak aurrekariak zituzten genero-indarkeriagatik eta etxeko indarkeriagatik, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, eta gizonak urruntze-agindua zuen.
Indarkeria matxistaren biktima baten arriskuaren kalifikazio-eskalak lau maila ditu, eta "oinarrizkoa" lehenengoa da. Horren arabera, "indarkeriazko gertakari berriak gertatzeko probabilitate txikia dago" .
"Ezin da indarkeria matxista ukatu. Benetakoa da gizarte honetan eta nagusitasun- eta desberdintasun-harremanetan oinarritzen da. Adierazpenik krudelena hilketak dira. Ez dago jarrera neutralik ", esan du.
Elgarrestak adierazi duenez, biktimaren senideei babesa eskaini die, eta Bilboko Udalak ostiral honetako 11:00etarako deitu duen elkarretaratzearekin bat egiteko deia egin die herritarrei.
2003tik 1.390 emakume hil dituzte
Azken hilketa hori zenbatuta, 49 dira dagoeneko aurten Espainiako Estatuan bikotekideek edo bikotekide ohiek eraildako emakumeak, eta 1.390 2003az geroztik.
Genero-indarkeriagatik umezurtz dauden adingabeen kopurua 40koa da 2026an, eta 550ekoa 2013tik.
Tratu txarrak jasaten dituzten emakumeentzako gida
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu doako telefono hauetara: 900 840 111 (EAEkoa), 016 (Estatu espainiarrekoa) edo 3919 (Iparraldekoa, eguneko 24 orduetan eskuragarri, igande eta jaiegunetan izan ezik, 09:00etatik 18:00etara).