Abiatu dute Donostian Loiolako Erriberako lehen 83 zuzkidura-bizitokien eraikuntza
Eusko Jaurlaritzak 15,2 milioi euroko inbertsioa egingo du. Donostian 640 zuzkidura-bizitoki inguru eraikitzea aurreikusten duen estrategiaren barruan kokatzen da proiektua.
Eusko Jaurlaritzak Donostiako Loiolako Erribean eraiki nahi dituen belaunaldien arteko lehen 83 zuzkidura-bizitokien lanak hasi ditu. Sustapenak 15,2 milioi euroko inbertsioa eskatuko du, eta obrak egiteko 24 hilabeteko epea aurreikusi dute.
Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak ohar baten bidez jakinarazi duenez, eraikuntza-lanak hasi dituzte dagoeneko. Eraikuntza industrializatuko metodoak erabiliko dituzte eta energia-eraginkortasuneko ekipamenduak jarriko dira.
Denis Itxasok zuzentzen duen sailak Loiolako Erriberan Eusko Jaurlaritzaren jabetzako lurzatietan eraikitzea aurreikusten dituen lehen zuzkidura-bizitokiak dira. Bi sustapen aurreikusi dituzte auzoan.
Orain hasi dituzten etxebizitzak auzoaren iparraldeko muturrean eraikiko dituzte, Beroiz kalean. Bigarren sustapena, berriz, hegoaldean dago aurreikusita, Iesu elizaren inguruan. Bertan, beste 200 zuzkidura-bizitoki eraikitzea aurreikusten dute, baita ekipamenduetarako gordetako 2.500 metro koadroko eremua ere. Azken horretan zer eraikiko den Donostiako Udalak erabakiko du.
Hori guztia Donostian 640 zuzkidura-bizitoki inguru eraikitzea aurreikusten duen estrategiaren barruan kokatzen da.
Lehen sustapen horretako etxebizitzak belaunaldien artekoak izango dira. Batetik, emantzipazio-prozesuan dauden gazteentzat izango dira; eta, bestetik, bizimodu autonomoa duten 70 urtetik gorako adinekoentzat, baldin eta beren etxebizitzak Bizigune programaren esku uzten badituzte.
Lehen 83 bizitoki horiek txandakako alokairuko erregimenean eskainiko dituzte, bost urteko kontratuekin. Adinekoen kasuan, ordea, ez da epe-mugarik egongo, baldin eta haien etxebizitzak Bizigune programari lotuta jarraitzen badu. Etxebizitza horietako 55ek logela bat izango dute; 24k, bi logela; eta beste lau bi logelako etxebizitza egokituak izango dira.
Sustapen honetan, Eusko Jaurlaritzak eraikuntza industrializatuaren aldeko apustua egin du, eraikuntza-prozesuak optimizatzeko. Proiektuak hormigoi armatuzko egitura eta egurrezko panelak uztartuko ditu, eraikuntza eraginkorragoa ahalbidetzen duten eta ingurumen-inpaktua murrizten duten materialak eta irtenbideak erabiliz. Gainera, A energia-kalifikazioa izango du, eta eraginkortasun handiko sistemak erabiliko dituzte, hala nola, aerotermia eta eguzki-panelak.