Osakidetzak giltzurrun-transplanteen errekorra hautsi du: urtean 200dik gora
Zifra horrek esan nahi du % 30 baino gehiago igo dela urteko aldi berarekin alderatuta, eta Osakidetza giltzurrun-transplanteen urteko bolumen handiena duten Europako ospitaleen top 5ean kokatuko luke urtearen amaieran. Egindako 201 transplanteetatik 9 pediatrikoak izan dira, 2025ean egindakoaren bikoitza baino gehiago.
Osakidetzak mugarri historikoa ezarri du aste honetan, giltzurruneko 201. transplantea egin baitu Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean, hau da, aurreko urtean baino % 30 gehiago. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak prentsa-ohar batean adierazi duenez, 1979an programa abian jarri zenetik, sekula ez zen horrenbesteko jarduera-bolumenik erregistratu.
Hala, eta urteko aurreikuspenak betez gero, Osakidetza giltzurrun-transplante gehien egin dituen Europako ospitaleen top 5 zerrendan kokatuko litzateke Helsinki, Oslo, Toulouse eta Lyongo ospitaleekin batera. Era berean, jarduera handiena duten Espainiako osasun-zentroen artean egongo litzateke, Bellvitgeko Unibertsitate Ospitalearekin batera.
Aurten egin diren 201 transplanteetatik 9 pediatriakoak izan dira, 2025ean halako bi baino gehiago. Gainera, transplante guztietatik 18 emaile bizietatik etorri dira, eta gainerakoak, hildako emaileetatik.
Organoen dohaitza handia
Transplanteen Erakunde Nazionalaren azken datuen arabera, organoen dohaintzek nabarmen egin dute gora Euskadin: hildako 65,3 emaile daude milioi biztanleko, Estatuko batez bestekoaren gainetik (52,7).
Osakidetzaren giltzurrun-transplanteen programa Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean garatzen da. Bertan egin zen lehendabiziko giltzurrun-transplantea 1979an, eta bi urte geroago, 1981ean, giltzurruneko lehen transplante pediatrikoa.
Gaur egun, Osasun Ministerioak haurren giltzurrun-transplanterako Erreferentziazko Zentro, Zerbitzu eta Unitate (CSUR) gisa akredituta du ospitalea, eta Euskadi, Nafarroa, Kantabria, Asturias, Errioxa, Galizia, Aragoi eta Gaztela eta Leongo pazienteak artatzen ditu.