UMEk 120 militar bidaliko ditu El Hierro uhartera
25 baliabide izango dituzte, tartean bi anbulantzia, eta osasun-postu aurreratu bi jarriko dituzte patologia akutuak artatzeko eta egonkortzeko.
Larrialdietako Unitate Militarrak (UME) 120 militar bidaliko ditu ostegun honetan El Hierro uhartera, osasun-arreta indartzeko. Kontingentearen barruan, 30 profesional inguru izango dira osasun-langileak. Guztira, 25 baliabide izango dituzte, tartean bi anbulantzia. Egoerak hala eskatzen badu, gainera, baliabide gehiago bidal ditzakete.
Langileak Kanarietako UMEren destakamenduetatik abiatuko dira, eta Penintsulatik iritsitako langile eta baliabideekin indartuko dute taldea. Horiek Torrejón eta Moróngo aire-baseetatik aterako dira. Hedapena ostegun osoan egingo dute, operazioaren plangintza eta behar logistikoak kontuan hartuta.
26 osasun-profesionaleko taldea
Osasun-taldea hiru medikuk, zortzi erizainek eta 15 teknikari sanitariok osatuko dute. Triaje-lanak eta osasun-arreta emango dituzte, bereziki patologia akutuak artatzeko eta pazienteen egoera egonkortzeko.
Horrez gain, UMEko kideek aurreratutako bi osasun-postu jarriko dituzte uhartean. Postu horien bidez, esleitutako osasun-jarduerak koordinatu eta zuzenduko dituzte.
Baliabide gehiago bidal ditzakete
Hasierako operatiboak 120 militar eta 25 baliabide izango ditu. Hala ere, El Hierron egoerak okerrera egiten badu edo hala behar izanez gero, UMEk langile eta baliabide gehiago bidaltzeko aukera izango du.