Ireki dute Gaztelu plazarako sarbidea, motxila susmagarri bat kontrolpean leherrarazi ondoren
Egoera aztertu ostean, badaezpada, objektua kontrolpean lehertzea erabaki dute. Ondoren, motxila hutsik zegoela baieztatu dute, eta, horrenbestez, segurtasun-dispositiboa bertan behera utzi dute. Urriaren amaieran, antzeko beste dispositibo bat jarri zuten martxan, maleta susmagarri bat topatu ostean.
Iruñeko Gaztelu plaza. Artxiboko argazkia: Europa Press.
Espainiako Poliziako artezilariek objektu susmagarri bat leherrarazi dute ostegun goizean Iruñeko Gazteluko plazako kioskoan. Azkenean, ordea, motxila hutsik zegoela baieztatu dute.
Kioskoan motxila susmagarri bat zegoela ohartuta, ingurua hesitu eta segurtasun-dispositiboa ezarri dute. Egoera aztertu ostean, badaezpada, objektua lehertzea erabaki dute espezialistek. Leherketa kontrolatuaren ondoren, motxila hutsik zegoela egiaztatu eta ezarritako segurtasun-neurriak bertan behera utzi dituzte.
Urriaren amaieran, antzeko dispositibo bat jarri zuten martxan, Nafarroako Jauregiaren inguruan maleta susmagarri bat aurkitu baitzuten. Orduko hartan ere maletaren edukia ez zen arriskutsua.