Euskadiko ospitaleratzeen % 85,3 ospitale publikoetan egin ziren
243.325 ospitaleratze izan ziren 2025ean, aurreko urtean baino % 0,6 gehiago. Digestio-, arnas- eta zirkulazio-aparatuko gaixotasunek ospitaleratzeen ia % 40 eragin zituzten.
2025ean Euskadin izandako ospitaleratzeen % 85,3 ospitale publikoetan egin ziren, eta gainerakoak (% 14,7), ospitale pribatuetan. Hala ere, ospitale pribatuetan muskulu-eskeleto sistemako gaixotasunen ondoriozko ospitaleratzeen % 37,6 artatu ziren.
Eustatek ostegunean argitaratutako datuen arabera, 243.325 ospitaleratze izan ziren Euskadin 2025ean, 2024an baino % 0,6 gehiago. Ospitale publikoetako ospitaleratzeak % 1,4 igo ziren; pribatuetakoak, berriz, % 4,23 jaitsi.
Erdiak baino gehiago 65 urtetik gorakoak ziren
Ospitaleratutakoen % 51,1 gizonak izan ziren, eta % 48,9, emakumeak. Erditzearekin eta haurdunaldiarekin lotutako kasuak kontuan hartu gabe, gizonen ospitaleratzeak % 54,3 izan ziren.
65 urte edo gehiagoko pertsonak ospitaleratze guztien % 53,3 izan ziren, eta adin-talde horretako ospitaleratzeak % 2,5 igo ziren, aurreko urtearekin alderatuta. 65 eta 79 urte arteko pertsonak izan ziren ospitaleratuen talde nagusia, ospitaleratzeen % 29,9rekin. Ondoren, 45 eta 64 urte artekoak izan ziren, % 24,7rekin.
80 urte edo gehiagokoen ospitaleratzeak ere igo egin ziren (% 3,5), eta urteko ospitaleratze guztien % 23,4 izan ziren.
Ospitaleratzeko arrazoi nagusiak
Digestio-aparatuko gaixotasunak izan ziren ospitaleratzeko arrazoi nagusia, ospitaleratzeen % 13,4 eragin baitzuten. Ondoren, arnas-aparatuko gaixotasunak (% 13) eta zirkulazio-aparatukoak (% 12,4) izan ziren. Hiru gaixotasun-multzo horiek ospitaleratzeen % 38,8 eragin zituzten.
Traumatismoak eta lesioak (% 9,7) eta tumoreak (% 9,1) izan ziren hurrengo arrazoi nagusiak.
Gizonen artean, digestio-aparatuko gaixotasunak izan ziren ospitaleratzeko arrazoi nagusia (% 15). Ondoren, zirkulazio-aparatukoak (% 14,1) eta arnas-aparatukoak (% 13,5) izan ziren.
Emakumeen artean, arnas-aparatuko gaixotasunak izan ziren ohikoenak (% 12,6). Haurdunaldiarekin, erditzearekin eta puerperioarekin lotutako ospitaleratzeak, berriz, % 12 izan ziren. Digestio- eta zirkulazio-aparatuko gaixotasunak hirugarren eta laugarren postuetan geratu ziren.
Adinaren arabera aldatu egiten dira
Ospitaleratzeko arrazoi nagusiak aldatu egiten dira pazienteen adinaren arabera. 15 urtetik beherakoen artean, arnas-aparatuko gaixotasunak izan ziren nagusi. 15 eta 44 urte artekoen artean, baita 45 eta 64 urte artekoen artean ere, digestio-aparatuko gaixotasunak izan ziren ohikoenak.
65 urte edo gehiagoko pertsonen artean, berriz, zirkulazio-aparatuko gaixotasunak izan ziren ospitaleratzeko arrazoi nagusia.
Egonaldien batezbestekoa: 5,4 egun
2025ean 1.323.844 ospitaleko egonaldi zenbatu ziren Euskadin. Paziente bakoitzak, batez beste, 5,4 egun eman zituen ospitalean. Egonaldiak luzeagoak izan ziren ospitale publikoetan, 5,8 eguneko batezbestekoarekin; ospitale pribatuetan, berriz, 3,5 egunekoa izan zen.
Urteko ospitaleratze gehienak urrian izan ziren, guztien % 9,2, eta gutxien abuztuan, % 6,4.
Neguko hilabeteetan, arnas-aparatuko gaixotasunak izan ziren ospitaleratzeko arrazoi nagusiak, gripea eta pneumonia batik bat.