Bilboko hilketa matxista aho batez gaitzestu dute
Bilboko Udalak elkarretaratzea eta adierazpen instituzionala deitu ditu gaurko 34 urteko emakumearen hilketa matxista gaitzesteko. Lehendakariak eta Emakundek, besteak beste, euren gaitzespena ere adierazi dute.
Erakundeek eta eragile sozialek aho batez gaitzetsi dute ostegun honetan Bilbon bikotekide ohiak 34 urteko emakume bat hil izana.
X sare sozialaren bidez, Imanol Pradales lehendakariak irmo gaitzetsi du hilketa, eta bere senideei eta lagunei "maitasuna eta elkartasun guztia" helarazi die. "Ezin dugu etsi. Indarkeria matxista desagerrarazteko ahaleginak areagotu behar ditugu. Emakume guztiek dute libre eta beldurrik gabe bizitzeko eskubidea", azpimarratu du.
Alberto Martinez Osasun sailburuak, Eusko Jaurlaritzaren izenean, hilketa gaitzetsi du eta "indarkeria matxistaren aurka publikoki azaltzeko" deia egin du.
Bestalde, Bilboko Udaleko Bozeramaileen Batzordea 09:45ean bilduko da, eta bertan gaitzespen-adierazpen instituzional bat adostuko dute. Ondoren, 11:00etan, Udalbatzak bost minutuko isilunea egingo du udaletxeko eskaileretan.
Bere sare sozialetan, Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeak "gaitzespenik irmoena" adierazi du: "Gure babesa erahildako emakumearen familia eta ingurukoei. Gizarte bezala ezin dugu onartu indarkeria matxista. Emakumeen aurkako indarkeria matxistari ez! Ozen oihukatu behar dugu guztiok".
Hilketa matxista ostegun arratsaldean gertatu zen, Bilboko etxebizitza batean. 34 urteko emakumea labankadaz hil zuen, ustez, bikotekide ohiak arma zuri batekin. Biktima Gurutzetako Ospitalera eraman zuten, eta bertan hil zen. Ertzaintzak 47 urteko bikotekide ohia atxilotu zuen, hasieran hilketa saiakera egotzita.