INDARKERIA MATXISTA

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Euskal erakundeek eta alderdiek Bilboko hilketa matxista gaitzetsi dute

34 urteko emakumearen hilketa matxista gaitzesteko adierazpen instituzionala adostu eta elkarretaratzea egin du Bilboko Udalbatzak. Lehendakariak, Emakundek, Bizkaiko Foru Aldundiak, Bizkaiko Batzar Nagusiek, Eudel, EAJ eta EH Bilduk, besteak beste, euren gaitzespena ere adierazi dute. 

Bilboko udaletxe parean egindako elkarretaratzearen irudia. Argazkia: Orain
Krimen matxista baten aurkako protesta baten artxiboko irudia, Bilbon. Argazkia: Orain

Euskal erakundeek eta alderdi nagusiek adierazpenak onartu dituzte Bilbon gertaturiko 34 urteko emakume baten hilketa gaitzesteko. Halaber, oro har, emakumeen aurkako indarkeria oro arbuiatu dute, eta, bereziki hilketak matxistak. Halaber, babes, elkartasun eta gertutasun osoa helarazi die biktimaren familia eta lagunei. 

Hilketa matxista ostegun arratsaldean gertatu zen, Bilboko etxebizitza batean. 34 urteko emakumea labankadaz hil zuen, ustez, bikotekide ohiak arma zuri batekin. Biktima Gurutzetako Ospitalera eraman zuten, eta bertan hil zen. Ertzaintzak 47 urteko bikotekide ohia atxilotu zuen, hasieran hilketa saiakera egotzita.

Euskadi: 900840111
España: 016
Iparralde: 3919

Bilboko Udalak adierazpen instituzionala onartu du

Bilboko Udaleko talde guztiek adierazpen instituzionala adostu dute ostiral honetan 34 urteko emakume baten hilketa gaitzesteko. Testuan, Udalak bere samin eta ulertezintasun sakona adierazten du krimen honen aurrean, eta babes, elkartasun eta gertutasun osoa helarazi die biktimaren familiari eta bere inguru hurbilenari.

Bilboko Udalbatzak azpimarratu du "egoera horiek gure gizartean eta gure eguneroko bizimoduan txertatuta daudela", eta "emakumeen aurkako jarrera eta eraso asko" daudela, "gaitzesgarriak direnak".

Halaber, talde politikoek azpimarratu dute indarkeria mota hori "emakumeen duintasunaren eta osotasun fisiko eta moralaren aurkako eraso zuzena" dela, eta horrek "giza eskubideen urraketa larria" dakarrela, eta horrek salaketa aktiboa eta isilik ez egotea eskatzen duela.

Gainera, Udalak dei egin die Bilboko bizilagunei datozen egunetan antolatuko diren gaitzespen-mobilizazioekin bat egin dezaten.

Adierazpen instituzionala adostu ostean, bost minutuko elkarretaratzea egin dute udaletxeko eskaileretan. 

Lehendakariaren gaitzespen irmoa

Bestalde, X sare sozialaren bidez, Imanol Pradales lehendakariak irmo gaitzetsi du hilketa, eta bere senideei eta lagunei "maitasuna eta elkartasun guztia" helarazi die. "Ezin dugu etsi. Indarkeria matxista desagerrarazteko ahaleginak areagotu behar ditugu. Emakume guztiek dute libre eta beldurrik gabe bizitzeko eskubidea", azpimarratu du.

Alberto Martinez Osasun sailburuak, Eusko Jaurlaritzaren izenean, hilketa gaitzetsi du eta "indarkeria matxistaren aurka publikoki azaltzeko" deia egin du. 

Iragarkia
18:00 - 20:00

Emakunde

Bere sare sozialetan, Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeak "gaitzespenik irmoena" adierazi du: "Gure babesa erahildako emakumearen familia eta ingurukoei. Gizarte bezala ezin dugu onartu indarkeria matxista. Emakumeen aurkako indarkeria matxistari ez! Ozen oihukatu behar dugu guztiok".

Beste erakundeak eta alderdi politikoak 

Bizkaiko Foru Aldundiak "erabateko gaitzespena" adierazi du atzo Bilbon izandako hilketa matxistagatik, eta doluminak eman dizkie eraildako emakumearen senide eta hurbilekoei. Halaber, horien eskura jarri ditu biktimei laguntzeko bere zerbitzu guztiak. 

Bizkaiko Batzar Nagusiek hilketak indarkeria matxistaren arazoaren zati bat baino ez direla azpimarratu dute, "arazoaren haztegia emakumezkoen eta gizonezkoen arteko ezberdintasuna da eta". Bozeramaileen Batzordeak ere hilketa matxista gaitzesteko adierazpena onartu du: "Erabat gaitzetsi eta arbuiatzen dugu edozein motatako indarkeria eta, bereziki, indarkeria matxista". 

EUDEL Euskadiko Udalen Elkarteak ere gaitzespenik irmoena azaldu du Bilboko emakumearen erailketaren aurrean.

Euskal alderdi nagusiek ere gaitzespen mezuak zabaldu dituzte.

Bilbon gertatutako hilketa matxistaren aurrean, bere gaitzespen irmoena adierazi du EAJk. "Ezta bat gehiago ere ez!", idatzi du sare sozialetan zabaldutako mezuan. Aitor Esteban EAJren EBBko presidenteak eta Iñigo Ansola BBBko presidenteak, besteak beste, Bilboko udaletxearen atarian egindako elkarretaratzean parte hartu dute. 

Bestalde, haserrea eta sumindura adierazi ditu EH Bilduk. "Azaroaren 25etik bi egunera, indarkeria matxistaren aurpegirik krudelena ezagutu du gure herriak, beste behin", adierazi du sare sozialetan zabaldutako mezu batean. Gainera, koalizio subiranistak ostiral honetarako aurreikusita zituen kanpaina ekitaldi guztiak bertan behera uztea erabaki du, hilketa matxista salatzeko eta dolua adierazteko.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X