Murtziako Gobernuak helegitea aurkeztuko du hondoratutako ontzia Cartagenara iristea eragozteko
PPren gobernuak kautelazko neurriak eskatuko dizkio Madrilgo Auzitegi Nagusiari 'Med Emre' ontzia Escombreras dartsenan porturatu ez dadin. Zamaontzia atoian daramate Murtziara bidean.
Hondoratutako ontzia, atzo. Argazkia: EFE
Ostegunean Eivissan hondoratutako Med Emre ontzia Murtziara bidean doa, 7.000 tona erregai daramatzala. Cartagenako portuan atrakatzea da asmoa. Hain justu, porturatzea saihestu nahi du Murtziako Gobernuak eta iragarri du helegitea aurkeztuko duela Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusian, kautelazko neurriak eskatuta.
Fernando Lopez Miras Murtziako presidenteak argudiatu du Cartagenan porturatzea arriskutsua dela ingurumenarentzat. "Ez gara besoak gurutzatuta geratuko, beste aukera bat topatu beharko dute. Arriskutsua den ontzi bat Murtziara hurbiltzen ari da, ingurumen arriskua benetakoa eta agerikoa da. Gero eta gertuago dago", ohartarazi du.
Argudiatu duenez, istripua Murtziako kostaldetik urrun gertatu zen, "200 kilometrora", eta halere, "urrunen dagoen portura ekarri nahi dute". Espainiako Gobernuak Cartagenako portua aukeratu du Escombreras delako dartsena delako Med Emre ontzia hartzeko nahikoa sakonera duen bakarra.
Lopez Mirasek azpimarratu du ingurumen txostenaren zain daudela, arriskurik ez dagoela egiaztatzeko. "Hondamendia eragin dezake eta ez dugu ulertzen arriskuen azterketarik egin ez izana. Uste dut Espainiako Gobernua ez dela jabetu presaz eta modu goiztiarrean hartu duen erabakiaz. Ez dut txarto pentsatu nahi", adierazi du.
Istripua ostegunean jazo zen, Eivissatik 25 miliatara. Hondoratzearen unean 17 tripulatzaile zeramatzan, eta horietako bat hil eta beste sei zauritu ziren. Gaur hasi dira atoian Cartagenara eramateko lanak, eta aurreikuspenen arabera, astelehenean iritsiko da Murtziara.