ELIKADURA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Larrabe eta Eroskiko arrautza freskoen sorta batzuk erretiratu dituzte, salmonella egon daitekeelakoan

Azaroaren 20an zabaldutako alertaren osagarri da, eta salmonelaz kutsatutako produktuak kontsumitzeak osasunean eragin ditzakeen arriskuak saihestea du helburu. Kaltetutako arrautzak merkatutik erretiratu dituzte jada.

Larrabe eta Eroskiko arrautza freskoen lote batzuk. Irudia: Orain

Euskal Herrian banatutako Larrabe eta Eroski marketako arrautza-sorta batzuetan Salmonella enteritidis bakterioa egon daitekeela ohartarazi dute osasun-agintariek. Espainiako Elikagaien Segurtasun eta Nutrizio Agentziak (AESAN) arrautza freskoen hainbat sorta merkatutik kentzeko agindua zabaldu du, joan den ostiralean emandako alertari jarraipena emanez, produktu horiek salmonelaz kutsatuta egon daitezkeelakoan. 

Alertaren eguneratzearen berri euskal osasun-agintariek eman dute, Informazioa Azkar Trukatzeko Sistema Koordinatuaren (SCIRI) bidez.

Hala, jakinarazpen berriak kaltetutako produktuen zerrenda handitu du. Hain zuzen ere, Larrabe eta Eroski marketako arrautza freskoen beste sorta batzuk gehitu dituzte, bai lurrean aske hazitako oiloenak, bai kaiolan hazitakoenak. Horrez gain, Eroski markako oilo askeen arrautzen kontsumo-data gomendatuen epea ere zabaldu dute.

Eragindako arrautza-sortak

Kaiolan hazitako oiloen arrautzak: Larrabe eta Eroski marketakoak dira, M, L eta XL tamainakoak. Hamabi edo hemezortzi arrautzako ontzietan nahiz soltean saltzen dira. 0233F sorta-zenbakia dute, eta kontsumo-data gomendatua 2026ko azaroaren 22tik abenduaren 14ra bitartekoa da. Arrautza-oskolean inprimatuta ageri den kodea 3ES4803810 da.

Lurrean aske hazitako oiloen arrautzak: Larrabe eta Eroski marketakoak dira, M, L eta XL tamainakoak. Sei, hamabi edo hemezortzi arrautzako ontzietan nahiz soltean merkaturatu dira. 0222F sorta-zenbakia dute, eta kontsumo-data gomendatua 2026ko azaroaren 22tik abenduaren 14ra bitartekoa da. Eroski markako arrautzen kasuan, ordea, azken data abenduaren 13a da. Arrautza-oskolean inprimatutako kodea 2ES4803810 da.

Kontsumitzaileentzako gomendioak

Osasun-agintariek etxean dituzten arrautzen sorta-zenbakia eta kontsumo-data gomendatua egiaztatzeko eskatu diete kontsumitzaileei. Alertan jasotako arrautzaren bat izanez gero, ez kontsumitzea eta erosi duten saltokira itzultzea gomendatzen dute, bertan emandako jarraibideei jarraituz.

Eroskik jakinarazi du kaltetutako arrautza guztiak dagoeneko merkatutik kendu dituela. Halaber, ontzian edo arrautzaren oskolean bertan inprimatutako kodea egiaztatzeko eskatu die herritarrei. Aipatutako arrautzaren bat izanez gero, ez kontsumitzea eta edozein Eroski saltokitan itzultzea gomendatu du; ordaindutako zenbatekoa itzuliko diete kontsumitzaileei.

Adierazitako sorta-zenbakiekin eta datekin bat ez datozen arrautzak normaltasunez kontsumi daitezke. Azken eguneratze honek azaroaren 20an emandako informazioa osatzen du, eta salmonelaz kutsatutako produktuak kontsumitzeak osasunean eragin ditzakeen arriskuak saihestea du helburu.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X