Lugoko eta Santiago de Compostelako hainbat institututan bonba-mehatxu berriak jaso dituzte, baina ez dute inor ebakuatu
Lehergailuak egon zitezkeela ohartarazten zuten mezu elektronikoak jaso ostean, ikastetxeetako zuzendaritzek segurtasun-protokoloa aktibatu eta 112ra deitu dute. Instalazioak miatu dituzte agenteek. Hala ere, ez dituzte oso sinesgarritzat jo mehatxu horiek.
Espainiako Poliziaren autoa Lugon, bonba-abisu faltsu baten ondorioz. Artxiboko argazkia: Europa Press
Galiziako hainbat ikastetxek bonba-mehatxu faltsuak jaso dituzte gaur, ostirala. Zehazki, Lugoko IES Sanxillao eta IES Muralla Romana ikastetxeek, eta Santiago de Compostelako IES San Clemente institutuak. Hala ere, ez dute eraikinik hustu behar izan.
Ikastetxeetako zuzendaritzek segurtasun-protokoloa aktibatu eta 112ra deitu dute, instalazioetan lehergailuak egon zitezkeela ohartarazten zuten mezu elektronikoak jaso ostean.
Egoeraren berri izan ondoren, Espainiako Polizia ikastetxeetara joan da mezuen edukia egiaztatu eta eraikinak miatzera.
Mehatxuak ez dira oso sinesgarritzat jo, eta, aurrekoetan ez bezala, ez da beharrezkoa izan eraikinak hustea edo eskolak etetea. Beraz, eskolak normaltasunez eman ahal izan dituzte.
Azaroaren 18an, asteazkenean, eta 19an, ostegunean, Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak hainbat ikastetxe hustu eta miatu zituzten, bonba-mehatxu faltsuak jaso ostean.
Gertakari horien harira, Lugoko eta A Coruñako fiskaltzek ikerketa abiatu dute mehatxu horien inguruan. Helburua da gertatutakoari buruzko informazio guztia biltzea eta batera aztertzea, mezu horien atzean nor dagoen argitzeko.