Biansiren ustezko hiltzailea, epailearen aurrera noiz eramango zain
47 urteko gizonezkoak ertzain-etxean jarraitzen du. Hilketa matxista gaitzesteko bi bilkura daude deituta gaurko: Bilbon, 18:00etan, Indautxu plazan eta Gasteizen, 12:30ean, Andre Maria Zuriaren plazan.
Ertzaintzaren agente bat hilketa gertatu zen etxebizitzan. Argazkia: Europa Press
Bilbon bikotekide ohia hiltzeagatik atxilotutako 47 urteko gizonak ertzain-etxean jarraitzen du, epailearen aurrera noiz eramango zain. Bien bitartean, mugimendu feministak hilketa matxista gaitzesteko bilkurak deitu ditu gaurko — atzo ere egin zituzten batzuk— Bilbon eta Gasteizen.
Ostegun gauean jazo ziren gertakariak, gizonak emakumea arma zuriz eraso zuenean. Biktima (34 urtekoa eta Biansi izenekoa), larri eraman zuten Gurutzetako Ospitalera (Barakaldo), eta bertan hil zen ostiral goizaldean. Bikotekide ohiak urruntze agindua zuen, eta halere, biktimarekin bizi zen. 4 eta 6 urteko seme-alaben aurrean egin zion eraso emakumeari. Eraildako emakumeak eta ustezko hiltzaileak aurrekariak zituzten genero indarkeriagatik eta etxeko indarkeriagatik, eta gizonaren aurkako salaketak zeuden. Ertzaintza jarraipena egiten ari zitzaion emakumeari, baina "oinarrizko" arrisku maila zion aitortua.
Ostegunekoa aurtengo lehen hilketa matxista da EAEn, eta hirugarrena, Hego Euskal Herrian. Espainiako Estatuan, 50 emakume erail dituzte beste hainbeste gizon matxistek 2026an.
Kontzentrazioak
Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak bi elkarretaratze deitu ditu gaurko. Bilbon, arratsaldean (18:00etan) izango da bilkura, Indautxu plazan. Gasteizen, 12:30ean egingo dute elkarretaratzea, Andre Maria Zuriaren plazan. Bihar, igandea, Baionaren txanda izango da (18:00etan, merkatu plazan).
Atzo, bilkurak izan ziren erakundeek zein talde feministek (Itaia eta EHko Emakumeen Mundu Martxa) deituta.
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu doako telefono hauetara: 900 840 111 (EAEkoa), 016 (Espainiako Estatukoa) edo 3919 (Iparraldekoa, eguneko 24 orduetan erabilgarri, igande eta jaiegunetan 09:00etatik 18:00etara izan ezik). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.