Emakume bat hil da Kataluniako euriteetan
Katalunian normaltasuna berreskuratzen ari diren bitartean, AEMETek abisu gorria ezarri du igande honetan Eivissa eta Formentera uharteetan, Valentzian eta Alacanten.
Euriteen ondorioak, Almerian. Argazkia: EFE
Emakume bat hil da Katalunian izan diren euriteetan. Larunbatean desagertu zen Cabrera de Mar udalerriko errekasto batean. Premià de Mar udalerriko kai-muturrean aurkitu dute haren hilotza.
Normaltasunera itzultzeko lanean ari dira Katalunian, euri-jasek erangidako kalteak konpondu nahian. Bartzelonako eta Gironako kostaldean euri-jasak amaitu badira ere, astelehen honetan prezipitazio gehiago espero dira.
Generalitateko suhiltzaileek 117 abisu jaso dituzte guztira; 89, Bartzelonako iparraldeko eta itsasertzeko eskualdeetan.
Ekaitzek 45 hegaldi bertan behera utzi dituzte Bartzelona-El Prat aireportuan, eta Rodaliesen zerbitzua etenda egon da R2 Sud eta Regionals Sud bideetan.
Abisu gorria Valentzian, Alacanten, Eivissan eta Formenteran, euriteengatik
Estatuko Meteorologia Agentziak abisu gorria ezarri du igande honetan Eivissa eta Formentera uharteetan eta Valentzia eta Alacant probintzietan, ordubetean metro koadroko 90 litro bota ditzakeelako.
Valentzian, hegoaldeko kostaldean, Gandiako ipar-mendebaldean botako du ur gehien. Zenbait tokitan, metro koadroko 200 litro pilatu daitezke 12 orduan, eta 300 litro baino gehiago 24 orduan.
Alacanteko iparraldean ere abisu gorria ezarri dute, euri asko bota dezakeelako.
Eivissa eta Formentera uharteetan metro koadroko 90 litro pila daitezke ordubetean.