Euskararen aldeko jaiak eta aldarrikapenak bat egin dute Nafarroa Oinezen
Aurtengo edizioa San Fermin eta Erentzun ikastolek elkarlanean antolatu dute “Bidean bat gara” lelopean. Goizean goizetik, milaka euskaltzale bildu dira Ardoi (Zizur Nagusia) eta Gazolatz artean.
Nafarroako ikastolak urteko jai handia ospatzen ari dira igande honetan. “Bidean bat gara” lelopean, San Fermin eta Erentzun ikastolek antolatu dute aurtengo edizioa elkarlanean. Milaka lagun gerturatu dira Zizur Nagusira festaz gozatzeko asmoz.
Irekiera ekitaldian izan dira San Fermin eta Erentzun ikastoletako lehendakariak, Zizur Nagusiko alkate Jon Gondan, Nafarroako Gobernuko lehendakariorde Ana Ollo, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza sailburu Begoña Pedrosa eta Nafarroako Ikastolen Elkarteko lehendakari Oier Sanjurjo, beste hainbat ordezkari politiko, sozial eta kulturalekin batera.
Nafarroako Ikastolen Elkarteak zein parte hartu duten gainerako ordezkariek mezu argia helarazi nahi izan diote gizarte osoari bertan. Euskararen normalizazioa eta etorkizuna "erronka kolektiboa" dela eta "guztion ekarpena ezinbestekoa" dela esan dute.
San Fermin Ikastolako lehendakari Eider Sagastibeltzak eta Erentzun Ikastolakoak, Marta Tejadak, urte osoan zehar bi ikastolen artean egindako elkarlan eta auzolan erraldoiaren garrantzia azpimarratu dute. Horrez gain, euskararen ofizialtasunaren aldeko mezua ere helarazi dute. “Gaurkoa, euskaraz gozatzeko topagunea izateaz gain, euskararen eta hizkuntza eskubideen aldeko eguna ere bada. Mugarik eta oztoporik gabe, Nafarroa osoan euskaraz ikasteko eta bizitzeko eskubidea aldarrikatzeko eguna”, adierazi dute. Bide horretan, gizarte osoaren parte-hartzea ezinbestekoa dela gogorarazi dute.
Nafarroako Ikastolen Elkarteak omenaldi berezia eskaini dio Errigora elkarteari, Nafarroa erdialdean eta hegoaldean euskara, tokiko ekoizpena eta auzolana sustatzeko egindako lan eskerga publikoki eskertzeko.
2027ko jaia Lizarra Ikastolak antolatuko du.