NATOk 'funtsezko papera' izango du Libiako operazioan
Libiako operazio militarren aginte egituran NATOk "funtsezko papera" izan behar duela uste dute Frantziak, Britainia Handiak eta AEBek, Etxe Zuriak jakitera eman duenez.
Ben Rhodes Segurtasun Nazionaleko kontseilariak azaldu duenez, Obamak Nicolas Sarkozy Frantziako presidentearekin eta David Cameron Britainia Handiko lehen ministroarekin hitz egin du gaur. "Etorkizunean NATOk aginte egituran funtsezko papera" izan behar duela adostu dute hiru agintariek.
Lehenago, operazio militarraren "zuzendaritza politiko" bat eratzea proposatu du Frantziak. Era berean, Estatu partehartzaileekin eta Arabiar Ligarekin bilerak egitea proposatu du Frantziak, Alain Juppe Atzerri ministroak gaur esan duenez.
Barack Obamaren hitzetan, AEBek Libiako operazio militarraren gidaritza transferituko dute datozen egunotan.
Libiari NBEko Segurtasun Kontseiluak onartutako arma-blokeoa aplikatzeko ontziak erabiltzea adostu dute gaur NATOko Estatu kideek, iturri diplomatikoek jakitera eman dutenez.
28 Estatu kideetako enbaxadoreek hartu dute erabakia NATOren Batzordean. Nazioarteko operazioan Aliantzak izan behar duen paperari buruz eztabaidatzen ari dira ordezkariak.
Iturri berdinen arabera, enbaxadoreek beste aukera batzuk eztabaidatzen jarraitzen dituzte, debekupeko aire-eremuan parte-hartze posiblea adibidez. Orain arte AEBek, Frantziak eta Britainia Handiak ezarri dute aire-eremua, beste herrialde batzuen laguntzarekin.
Bonbardaketak kritikatu dituzte zenbait Estatuk eta azken egunetan zatiketa eragin du horrek NATOn.
Aire operazioen agintea NATOk hartu behar duela errepikatu dute AEBek, Britainia Handiak eta Italiak.
Libiara armak itsasoz helduko ez direla bermatuko dute NATOko ontziek gaurtik aurrera.
Borrokarako deia
Muamar Gadafi Tripoliko jendetzari zuzendu da astearte honetan, borrokarako deia egiteko, eta, nazioarteko eraso militarraren eta matxinoen aurrean erregimenaren garaipena iragarri du. "Azken garaipena lortuko dugu", esan du.
"Ez dugu amore emango, garaipena lortuko dugu", adierazi du Gadafik; ildo horretan, "borroka motzerako edo luzerako prest daudela", gaineratu du.
Presidentziako etxetik egin ditu Gadafik Estatuko telebistan zuzenean eman diren hitzak. "Hemen nago, nire etxea hemen dago, nire dendan nago", azaldu du bandera berdeak astintzen zuen jendetzaren aurrean.
Gadafiren hitzetan, nazioartearen erasoa "bidegabea" da, eta NBEko gutuna urratzen duela salatu du. Halaber, erasoa "historiako zabortegian bukatuko den faxista talde batek" egin duela esan du.
Borrokaldiak Ajdabiyan
Gadafiren tropek eta matxinoek borrokatzen jarraitzen dute Ajdabiyako hirian, Bengasitik 160 kilometrora, Al Yazira telebistak jakitera eman duenez.
Ke beltz zutabeen irudiak erakutsi ditu Qatarreko telebistak. Hiriko ekialdean borrokaldiak dira nagusi, berriemaileak Ajdabiyatik gertu jakitera eman duenez.
Bestalde, gutxienez hamar lagun hil dira Zintan hirian, Gadafiren indarrek egindako bonbardaketen ondorioz, bizilagun batek azaldu duenez.
Bonbardaketak
Muamar al Gadafi Libiako diktadorearen tropek eraso egiten jarraitzen dute gaur Misratan, hots, herrialdeko hirugarren herri garrantzitsuenean (Tripolitik 210 kilometrora), Sadon el Mehmeraty matxinoek herri horretan duen bozeramaileak jakinarazi duenez.
Bozeramailearen hitzetan, erasoa etengabea izaten ari da, eta tankeak eta misilak erabiltzen ari dira.
Astelehenean, egoera "oso larria" zela esan zuten matxinoek, argindarrik, urik eta erregairik ez dagoelako herrian.
Presioa Gadafiri
Abdel Elah al Jatib NBEko mezulariarekin bildu dira Libiako Kontseilu Nazional matxinoaren buruzagiak Tobruken, Libiako ekialdean. Su-etena aplikatu eta hiriak erasotzeari utz diezaion Gadafiren erregimena presionatzeko eskatu diote matxinoek Jatibi.
NBEk egindako eskaerak ez ditu bete Gadafik eta zibilen aurkako erasoak ez dira bukatu, Samuel Locklear almiranteak salatu duenez. Locklear AEBetako indarren komandantea da Libiako operazioan.
Zure interesekoa izan daiteke
Erregaien prezioek igotzen jarraitzen badute, Europar Batasunak ez du baztertzen errazionamendua ezartzea
Dan Jørgensen Europako Energia komisarioak adierazi duenez, "eszenatoki txarrenetarako prestatzen ari gara, baina oraindik ez dugu produktu kritikoak (kerosenoa edo diesela) errazionatu beharrik".
Iranek ziurtatu du AEBko beste ehiza-hegazkin bat eraitsi duela, herrialdearen erdialdean
AEBko agintariek ez dute, oraingoz, gaiari buruzko adierazpenik egin; hala ere, lehen hegazkinetik tripulatzaileetako bat erreskatatu dutela ziurtatu dute.
Gutxienez hiru kasko urdin zauritu dira Libano hegoaldeko instalazioetan izandako leherketa batean
Israelek 1.368 pertsona hil ditu jada herrialdearen aurka egindako eraso armatuetan. Halaber, Israelgo Armada Libano hegoaldeko herrixketan etxebizitzak eraisten hasiko da, bertatik 600.000 pertsona kanporatu ondoren. Hezbollah taldearen "kokalekuak" direla ziurtatu du Israelek.
Pentagonoak kargutik kendu du AEBko Armadako Estatu Nagusiko burua
Erasoen gorakadaren erdian, Randy Georgek agintea utzi du eta Trumpek bere erretorika belizista areagotu du.
Artemis II misio espaziala Ilargira bidean da jada
Bidaia tripulatuak bueltan dira Ilargira, 50 urteren ostean, baina oraingoan ez da ilargiratzerik aurreikusi.
Trumpek kargutik kendu du Pam Bondi fiskal nagusia, Espstein auziaren kudeaketarekin hainbat desadostasun izan ostean
AEBko presidenteak 2024ko azaroan jarri zuen karguan, baina denbora horretan hainbat enfrentamendu izan dituzte. Todd Blanchek ordezkatuko du Bondi, Trump presidente izan aurretik jasotako lau inputazio penaletan defendatu zuen abokatuak, alegia.
Amazonek Bahrainen duen zentro baten aurkako erasoa egin duela aldarrikatu du Iranek
Irango Guardia Iraultzaileak Microsoft, Apple, Google, Meta, Boeing, Tesla eta beste 14 enpresaren aurkako erasoak egiteko mehatxua egin zuen asteartean, Iranen kontrako "operazio terroristetan parte hartzea" leporatuta.
Erreskate faltsuak gauzatzen zituen sare bat desegin dute Nepalen
Mendizaleei iruzur egiten saiatzen ziren, beharrezkoak ez ziren ebakuazio medikoen bidez. Agintariek faltsututako 171 erreskate baieztatu dituzte 2022tik 2025era. Ikerketak zabalik jarraitzen du, eta ez da baztertzen kaltetuen kopurua handitzea.
Texasko petrolioak ia % 13 egin du gora, gerra laster amaitzeko zantzurik ez dagoelako
Trumpen azken agerraldiak gerra azkar amaitzeko itxaropena zapuztu du inbertsiogileen artean. Wall Streetek % 1,28 egin du behera, Trumpek Irani "gogor" erasotzen jarraituko duela iragarri ostean.
Artemis II-ko komuna, Ilargira bueltatzeko misioa kolokan jarri duen ustekabea
Tripulazioak akats bat antzeman zuen Orion ontziko hondakinen sisteman. Hala ere, arazoa konpondu zuten, aireratu eta ordu batzuk geroago, misioa arriskuan jarri gabe.