Luizia
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Lur jausiko biktimak bilatzeari utzi diote Afganistanen

Mila familia baino gehiago bizi ziren herri bat azpian harrapatu zuen luperiak ostiralean. Guztira 2.500 lagun hil ziren.
18:00 - 20:00
Luizian harrapatutakoak ateratzeko lanak bertan behera utzi dituzte

Afganistango Badakhxan herrian luiziko biktimen bila ari ziren erreskate taldeek bilaketa bertan behera uztea erabaki dute. Ostiralean gertatu zen luperi horretan 2.500 lagun hil zirela kalkulatzen da.

Orain arte, 8 pertsona atera dituzte bizirik lokatza eta harri artetik. Aab Bareek herriko 300 bat etxebizitza lurpean gelditu dira, eta beste 700 etxebizitza jendez hustu dituzte, lurraren ezegonkortasuna ikusita.

Qari Sayfuddin barrutiko poliziak azaldu duenez, 1.500 abelburu ere  harrapatu dituzte luiziek.

600 bat pertsona bertaratu dira erreskate lanetan laguntzeko, eta, horretan ari zirela, bigarren luperi batek harrapatu ditu erreskatatzaileak. Lurrikarak, uholdeak eta elur jausiak ohikoak dira Afganistango eremu horretan.

Aab Bareek herria bi mendixka artean dago, Argo barrutian. Biktimei dagokienez, "ehunka lagun etxean zeuden, eta Gobernuko langileak bertaratu egin dira egoera zein den jakiteko", azaldu du Zabihullah Attique probintziako Gobernuko arduradunak.

Errefuxiatuak laguntzea

Uholdeengatik kalteak jaso dituzten familien beharren lehen ebaluazioak egin ditu jada UNICEFek. Errefuxiatuei laguntza eskaintzea izango da lehentasuna.

Lehenengo eta behin, arriskurik gabeko toki batera eraman behar dira arrisku eremuan diren familiak. Halaber, gurasoak, familiak eta etxebizitzak galdu dituzten umeei laguntza psikosoziala eskaintzea ere izango du helburu UNICEFek.

Azpiegitura makalak

Hondamendi naturalek kalte handiak eragiten dituzte Afganistanen, azpiegitura makalak dituztelako herrialde horretan. Afganistanek hamarkadak eman ditu gerran murgilduta, eta garapen txikia izan du.

Hindu Kush mendikateak gurutzatzen du Afganistango iparraldea, munduko mendilerro garaienetarikoa da, eta lurrikarak ohikoak izaten dira bertan.

Dolu eguna ezarri dute gaur Afganistanen, eta biktimen omenez bandera guztiak masta erdian jarriko dituzte.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X