Iruzkina
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Aita Santuak ezetz esan dio Madurori

Frantzisko aita santuak uko egin dio bitartekari lana egiteari Venezuelan. Guaido aitortu duten 40 gobernuetatik bat berak ere ez du Trumpen esku hartze militarra babesten.

Frantzisko aita santuak uko egin dio bitartekari lana egiteari Venezuelan. Nicolas Madurori zuzendutako gutunean, gogoratzen dio Elizak egin zuela bitartekari lana aurreko zenbait negoziazio prozesutan, bereziki 2016an Dominikar Errepublikan burutu zuten negoziazioan. Aita santuak gehitzen du ondoren ez zirela akordio horiek ezartzeko neurri zehatzak onartu. Madurok onartu behar zituen neurriak eta ez zuen egin, aita santuaren arabera.

Gainera, zerbait oso esanguratsua: Gutunean aita santua ez da Madurorengana zuzentzen presidente deituz, soilik, "jaun agurgarria" deitzen dio. Gutun horrekin, Frantziskok arrazoia ematen dio oposizioari, oposizioak dioenean Madurok aita santuari egindako bitartekaritza eskariak denbora irabazteko helburua besterik ez zuela boterean jarraitu ahal izateko. Hori bai, Frantziskok ez du inon esaten Guaido presidente aitortu duenik eta, are gutxiago, Ameriketako Estatu Batuen esku hartze militar bat onartzen duenik.

Guaido aitortu duten 40 gobernuetatik bat berak ere ez du esku hartze militarra babesten, baina Trumpek tematuta jarraitzen du militarren aukera mahai gainean jartzen. Hori dela eta, Ameriketako Estatu Batuetako kongresista talde batek lege proiektu bat aurkeztuko du eragozteko presidenteak Venezuelan esku hartze militar bat agintzea, aurrez kongresuari baimenik eskatu gabe.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X