'ARTEMIS II'

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Ilargirako misio tripulatua martxora arte atzeratu da, gaurko probetan erregai-ihesa izan eta bertan behera utzi behar izan dutelako

"Misio historiko honi ekiteko prest gaudela uste dugunean egingo dugu jaurtiketa", esan du Jared Isaacman NASAren buruak, eta gaineratu du taldeak datuak "sakon" berrikusiko dituela, "atzemandako arazo guzti-guztiak konponduko" dituela, beharrezko konponketak egingo dituela eta berriz egingo dituela saiakerak.

Nasa Artemis II ilargia

Artemis II suziria, jaurtitzeko plataforman. Argazkia: NASA

50 urteren ostean Ilargira petsonak bidaltzeko lehen misioa atzeratu egingo du NASAk, gaur egin duten entsegu orokorrean erregai-ihesak atzeman baitituzte. Atzera kontaketan eta suziria jaurtitzeko bost minuturen faltan gelditu egin dute entsegua, Espazio Jaurtiketako Sistemako (SLS) tankeak betetzean, erregai-ihes iraunkorra izan delako. 

"Entsegu hau amaituta, ez dugu otsailean jaurtiketarik egingo, goizenez ere, martxora joko du Artemis II ontzia jaurtitzeak", esan du asteartean Jared Isaacman NASAren buruak, X sare sozialean jarritako mezuan. 

Azaldu duenez, saiakera orokorrean, ekipoek hidrogeno likidoaren ihes bat hauteman dute erdiko etapako interfazean, tankeak betetzen ziren bitartean; horrek hardwarea berotzeko eta propelente fluxua doitzeko etenaldi bat egitera behartu ditu. 

"(...) taldeak 5 minutu inguruko atzera kontaketari ekin dio, harik eta lurreko jaurtiketaren sekuentziadoreak operazioak gelditu duen arte, ihesen tasa handitu delako", zehaztu du NASAko arduradunak.

"Betiko moduan, segurtasuna da gure lehentasun gorena, astronautena, langileena, sistemena eta ikusleena. Lehen esan bezala, "misio historiko honi ekiteko prest gaudela uste dugunean egingo dugu jaurtiketa", esan du Isaacmanek. 

Gaineratu duenez, taldeak datuak "sakon" berrikusiko ditu, "atzemandako arazo guzti-guztiak konponduko" ditu, beharrezko konponketak egingo ditu eta berriro saiatuko gara". "Beste entsegu orokor bat egitea da asmoa, eta gero martxoan beste bat egiteko jardutea. Gizarteari eta hedabideei informazio eguneratua ematen jarraituko dugu prestaketek aurrera egin ahala", nabarmendu du. 

Jared Isaacmanek azpimarrtau duenez, "hau hasiera baino ez da" eta Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidentearen "espazio politika nazionalari jarraiki, Ilargirako misioak egiteko helburuz garatuko den Artemis programaren bidea abiarazi du". 

 

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X