Parisen, Nizan, Lionen, Lillen eta beste hainbat hiritan gaueko etxeratze-aginduak ezarri ditu Frantziak
Etxeratze-agindu horiek ezberdinak dira hiri batzuetatik besteetara. Sebastien Lecornu lehen ministroak neurria hartzeko eskatu die prefeturei, indarkeria boladari aurre egiteko.
Frantziako Gobernua bi egunetarako gaueko etxeratze-aginduak ezartzen hasi da hainbat hiri eta herritan. Paris, Niza, Lille eta Lion dira hiri horietako batzuk. Horrez gainera, Ipar Departamentuko hainbat herritara ere zabaldu dute neurria, besteak beste, Douai, Wattignies eta Denainera.
Parisi dagokionez, neurriak Errepublika plazari eta Les Halles auzo historikoari (hiriaren erdialdea) eragingo die. 23:00etan hasiko da eta 06:00ak arte iraungo du.
Lilleren eta Ipar Departamenduko herrien kasuan, etxeratze-aginduak "adingabeei" ere eragiten die. Asteleheneko 20:00etatik astearteko 06:00etara izango da, "bertako alkateen adostasunarekin".
Nizan, berriz, etxeratze-agindua 21:00etan sartuko da indarrean eta astearteko 6:00ak arte izango da. Kasu honetan, adin txikikoei soilik eragingo die.
Modu honetara hasi dira zehazten Sebastien Lecornu Frantziako lehen ministroak egin duen iragarpena. Hainbat hiritan etxeratze-aginduak martxan jartzea proposatu du, bizitzaren garestitzea eta hezkuntzaren eta osasunaren degradazioa salatzeko protestetan ondorioz, gertatzen ari diren istilu-boladaren aurrean.
Gobernu arteko bilera baten ostean, Lecornuk azaldu duenez, lurralde jakin batzuetara mugatutako etxeratze-aginduak "egokiagoak" dira une honetan salbuespen-egoera ezartzea baino. Barne Ministerioak arratsaldean emango du neurriak hartuko dituzten eremuen mapa zehatza.
Lehen ministroak ez du baztertu, hala ere, salbuespen-egoera ezartzea, beharrezkoa izanez gero. "Arpilatzeak inola ere ez ditugu onartuko", ohartarazi du.
Arpilatzeen aurkako neurri judizialak gogortuko dituzte
Gobernua "erantzun judizial masiboa" prestatzen ari da, Frantziako hainbat dendatan izandako lapurreta eta arpilatzeen ostean. Lecornuk azaldu duenez, Parisko eremuan 200 ikertzaile ari dira arpilatzaileen egileak identifikatzen, zaintza-kameren irudien bidez. Haietako askok aurpegia estali gabe jardun zuten.
Gobernuburuak herritarren laguntza ere eskatu du, susmagarriak identifikatzen lagun dezaten.
Frantziako Justizia Ministerioaren arabera, asteleheneko 08:00etan 2.331 lagun zeuden Poliziaren zaintzapean, istilu eta arpilatzeekin lotuta. Atxilotuen % 70 adinez nagusiak ziren, eta Fiskaltzak behin-behineko espetxealdia eskatu du kasuen % 80etan baino gehiagotan.
"Miraria da hildakorik ez egotea"
Lecornuk larritzat jo du asteburuan gertatutakoa. "Miraria da hildakorik ez egotea", adierazi du. Lehen ministroak ezker muturrari egotzi dizkio egunez izandako istiluak eta nahasmenduak; gauez gertatutakoak, berriz, delinkuentzia orokorrari.
Larunbateko istiluek hainbat saltokiak arpilatzea, eraikin publikoen aurkako erasoak eta segurtasun-indarrekin izandako liskarrak eragin zituzten Parisen eta Frantziako beste hiri batzuetan.