Manifestazioak eta kontzentrazioak debekatu dituzte Parisen ostegun honetan
Frantziako Poliziak Gobernuaren egoitzen, Louvreko museoaren edo Eliseo Zelaien aurrean egindako edozein kontzentrazio politiko eragotziko du.
Pariseko Prefekturak iragarri du ostegunean, urriaren 22an, Frantziako hiriburuan manifestazio eta elkarretaratzeak egitea debekatu duela, "tentsio altuko testuinguru sozial aldarrikatzaile batean" istiluak izango diren beldur.
Prefekturak sare sozialetan argitaratutako komunikatuaren arabera, debekua 08:00etatik 20:00etara luzatuko da. Debekua, besteak beste, gune hauetarako da: Eliseo Zelaiak, Les Halles merkataritza-gunea, Île de la Cité, Madeleine, Place de la République, Trocadéroko begiratokia eta hiriburuko trenbide-geltoki nagusiak. Leku horietan edozein kontzentrazio politiko egitea galaraziko du Poliziak.
Frantziako Poliziak argudiatu duenez, "tentsio goreneko aldarrikapen giroan" murgilduta dagoela herrialdea eta azken egunetako istiluak errepikatzeko arriskua dagoela. Hala, ostegunerako deitutako manifestazioak urriaren 24rako iragarritako mobilizazioaren atarian kokatu ditu. "Segurtasun indarrekin konfrontazio estrategia bat" burutzen ari diren "mugimendu erradikalak" agertzeko aukeraz ere hitz egin du Poliziak.
Testuinguru horretan, Frantziako lehen ministro Sebastien Lecornuk asteartean hitzeman zuen poliziaren hedapen "masiboa" egingo zutela larunbatean, 'txaleko horiek' eta ikasleen sindikatuek deitutako mobilizazioen aurrean. Polizia operazioak aurreko aldietako erantzun "estatikoarekin" ez duela zerikusirik izango agindu zuen.
Manifestazioak egiteko debeku hori Parisen gaur gauerako ezarritako etxeratze agindu partzialari (hirugarrena jarraian) gehitu behar zaio. Oraindik ez dago argi etxeratzea ostegunetik ostiralerako gauean ere ezarriko duten.