Zelenski eta Putin, bakea lortzeko negoziazio berri bati ekiteko prest
Steve Witkoff eta Vladimir Putin asteazken honetan San Petersburgon egindako bileran. Argazkia: Europa Press.
Ukrainak eta Errusiak negoziazio berri bat has dezakete laster, urteak iraun duen gerrari amaiera emateko. Bi herrialdeetako buruzagiak prest agertu dira gaur, asteazkena, ildo horretan urratsak emateko. Hala, Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak adierazi du prest dagoela "frontearen egungo lerroak izoztuko dituen su-eten" bat adosteko, gatazkaren behin betiko su-etenerako hasierako urrats gisa. Hala ere, berretsi du AEBren eta haren aliatuen segurtasun bermeak bilatuko dituela.
Bestalde, Vladimir Putin Errusiako presidentea ados agertu da azaroan bake negoziazioei berriro ekiteko AEBren bitartekaritzarekin.
Fox News AEBko telebista kateak elkarrizketa egin dio Ukrainako buruzagiari, eta gaur egungo mugak (Ukrainak lurraldearen % 75ari edo gehiagori eutsiz) utziko lituzkeen akordio bat onartuko ote lukeen galdetu diote. "Bai", erantzun du Zelenskik. "Une honetan izoztu egin behar dugu (Ukrainako mapa), uste dut hori dela gerra honi amaiera emateko benetako modua", esan du.
Ukrainak presidenteak berretsi du gakoa "su-etena edo heriotzak geldiaraztea" litzatekeela eta erreferentzia egin dio Donald Trumpek egindako proposamen bati: "izoztu eta gelditu" esan zuen. "Hori da Errusiarengandik behar dugun gutxienekoa", esan du, eta ondoren, AEBko presidenteari eta Europako aliatuei "segurtasun bermeak eskatuko" dizkiela gaineratu du.
Ukrainaren parte hartzerik gabeko balizko negoziazioei buruz, Ukrainako presidenteak ohartarazi du parte hartu beharra daukatela. "Edozein formatutan eta edozein gairi buruz negoziatzeko prest gaude, baina, mesedez, ez guri buruz hitz egin gu gabe", nabarmendu zuen agintari ukrainarrak.
Bilera Witkoffekin
Bien bitartean, Vladimir Putin Errusiako presidentea Steve Witkoff Etxe Zuriko ordezkariarekin bildu da gaur San Petersburgon, Ukrainako gerrari amaiera emateko balizko bideak aztertzeko. Bileraren ostean, Yuri Ushakov Kremlineko Nazioarteko Politikako aholkulariak prentsaurrekoan jakinarazi duenez, presidenteak azaroan negoziazioei berriro ekitea onartu du, hori bai, AEBren bitartekaritzarekin.
"Presidenteak jakinarazi dio Witkoffi, printzipioz, prest gaudela, azaroaren 10aren inguruan, hiruko negoziazioei berriro ekiteko, gai garrantzitsuenaren inguruan: gatazkaren amaieran Errusiarako eta Ukrainarako segurtasun sistema bat sortzea", zehaztu du Ushakovek. Bere hitzetan, Witkoffek esan du Donald Trump presidenteak "pozik" hartuko duela berri hori.
Hiru aldeko negoziazioak geldituta daude otsailaren erdialdetik, AEBk Iranen operazio militarra hasi zuenetik.
San Petersburgoko bileran, Zelenski eta Europako ordezkariekin Oslon izandako bileraren berri eman dio Witkoffek Putini. Ushakoven hitzetan, "Putinek Kieven jarrera eta ideia berriak entzun ditu", baina "ez dira erabat bere gustukoak" izan.
Beste gai batzuk ere izan dira mahai gainean, hala nola Errusia, AEB eta Txina prestatzen ari diren hiruko bilera, Irango gerra eta AEBei diesel errusiarra hornitzeko akordioa.