Robert Pattinson Christian Grey izan liteke
50 shades of Grey trilogia erotikoan oinarritutako filmek ikusmin handia sortu dute, eta, batez ere, Christian Grey pertsonaiarena nork egingo duen jakiteko gogo handia dute liburuen jarraitzaileek. Zerrenda horietan agertzen den aktoreetako bat Robert Pattinson da.
MSN kateari eskaini dion elkarrizketa batean, 50 shades of Grey filmeko protagonista izateko aukerari buruz galdetu diote aktore britainiarrari. "Paper hori egiten ari naiz. Liburuak ere nik idatzi nituen", erantzun du Pattinsonek.
Adierazpenak egin ostean, aktorea barre egiten hasi da, eta txantxetan esan duela dirudi, baina zurrumurrua zabaldu egin da Interneten. Christian Grey gairik aipatuenetako bat da atzotik, Twitterren.
E.L. James idazleak behin baino gehiagotan adierazi du ez litzaiokeela gustatuko Pattinson pelikularen protagonista izatea. Christian Grey izateko hiru aktore gustukoago omen ditu, baina ez du inoiz izenik eman nahi izan.
Matt Bomer, Ian Somerhalder eta Henry Cavill dira 50 shades of Grey filmeko protagonistak izateko gehien aipatzen diren aktoreak. Hala ere, ekoizleen esanetan, aktoreak bilatu baino lehen zuzendaria aukeratu behar dute, eta, hortaz, Pattinsonena txantxa bat besterik ez dela izan pentsa dezakegu.