Arkitekto bat Goya sarietan
Bada hamaika kontu ezinbesteko gurean. Komentatzeko. Aipatzeko. Topa egiteko. Zorioneko bilakatzen gaituzten hamaika berri. Eztabaida gorrian murgiltzen gaituztenak. Edo hitz-aspertu patxaroso batean. Badira kontra edo alde jartzen gaituzten gaiak, pelikulak.
Poz-pozean edo amorrutan bizi gaituzten mila eta bat afera daude beti zeluloidezko multibertsoan. Esaterako, 189 minutu dirauen Babylon hori ba al da azken-aurreko maisu lana edo neurrikeria oparoa, luxuzkoa, bere burua maite-maite duen egile baten mozkorraldi markaz kanpokoa?
Eta zer esan Irango Holy Spider horren inguruan? Bertako serieko hiltzaile baten erretratu horrek izan al luke lortutako oihartzun zabala oinazean bizi den herrialde horretakoa ez balitz?
Zinema kontuetan sekula ez zaude arras seguru. Hobe. Dudatan ibiltzea beti baita aberasgarriagoa. Hala eta guztiz ere, bada planetan inolako zalantzarik sorrarazten ez duen auzi bat: Euskal Herriko emakumeek egindako zinema denen ahotan da, lur honetako zinemaldirik garrantzitsuenetakoek nahi dute beren sailetan eduki.
Jakin duzuenez, otsailaren 16an hasiko den Berlinaleko sail nagusian Estibaliz Urresola Solagurene 20.000 especies de abejas izango da. Lehian. Alta, bere lehen luze horrek (agian, hala izan bedi, Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian izango duguna…) ez dio itzalik egiten fama handiko bere Cuerdas laburrari. Izan ere, sona berezia duen Clermont-Ferrandeko zinema festan ere hautatu dute. Bide batez, Clermont-Ferrand eta pelikulak horrenbeste laket dituen Donostiako Tabakalera lagun eta konplize minak dira eta sarri partekatu ohi dute euren programazioa.
Frantzian izan ondoren, Cuerdas-ek Eivissako zinema independentearen bilkurarako bidea hartuko du eta Mediterraneoko irla eder horretako pantailetan bat egingo Iruñeko Punto de Vista bileran estreinaturiko Jone Atenearen Los caballos mueren al amanecer dokumental luze txit harrigarriarekin.
Lehenago, askoz lehenxeago juntatu gintezke Maria Elorzarekin. Non? Bilbon?, Gasteizen? Baionan? Askoz urrutiago, Rotterdamen. Larunbat honetan bertako festibaleko Bright Future (etorkizun distiratsua, hots) izen esanguratsua duen sailean niretzat Donostiakoan ikusi genuen filmik miresgarrienetarikoa izango da ikusgai. Galdu bazenuten, triste egon beharko zenukete pareko gutxi duelako hain alai, hain matxino, hain gozo, literaturarekin, zinemarekin eta bizitzarekin hain sakon maite minetan agertzen zaigun film honek.
Ikusten? Mila afera daude dastatzeko zinemaren munduan. Jakin al zenekiten, kasu, animaziozko pelikula zoragarri eta maltzur askoa den El inspector Sun y la maldición de la viuda negra (aurkitu dituzue bertan maite ditugun Agatha Christieren, Tim Burtonen, Addams familiaren aztarna eta isla) Julio Soto Gurpide nafarrak eginda dela?
Estatu Batuetan zein Europan zehar zuzendari eta ekoizle ibilia den Julioren lana ohore eta ikusmin handiz proiektatu zuten Iruñeko Filmategiak pelikula finalista baita Goya sarietan. Sin ikertzaile eta protagonista aparta ez zen konpainia txarrean izan, ez horixe. Errumanian eta haratago txaloz eta sariz jaso izan duten Amanece la noche más larga (non Turner, Goya eta Bergmanen espirituek dantza egiten duten) proiektatu zuten arrats berean. Nafarrak ditu egileak, Carlos Fernández de Vigo eta Lorena Ares.
Ikusten? Zinemaz hasten gara idazten eta ezin bukatu. Zera, arkitekto bat aipatu dut lerroburuan. Zein? Zergatik?
Secundino Zuazo. Bilbon jaioa 1887an. Eta Madrilen hila 1970an. Donostian sustrai sendoak zituen 'La Argentinita' dantzari famatuaren ondoan da lurperaturik Madrilgo San Isidro kanposantuan, bai bera, bai bere familia bai Argentinita ere, Secundinok sortutako mausoleoetan betiereko lo egiten dutela.
Espainiako Errepublika garaian Zuazok altxatu zituen eraikuntzak eta etxebizitzak baino hoberik eta harrigarriagorik kasik ez zen inon. Inon ez. Frankismoak, nola ez? zigortu zuen krudelki. Egun, bere arkitekturak beste Goya sarietako film finalista baten mundua betetzen du. Are, abiapuntua da. Sostengua. Diskurtsoaren zimendua. Leon Siminianiren Arquitectura emocional-ez ari natzaizue hizketan.
Lepoa jokatuko nuke inoiz inon ikusiz gero, zorabioak hartuko zaituztela amodioa, Historia, istorioak, mapak, planoak eta politika era burlati jator batez nahasten baitu Leonek. Eta soinu banda, nork sortua? Ba, Maite Argoitiajauregirekin batera Irati-gatik finalista den Bilboko Aranzazu Callejak. Non grabatu zuten musika hori? Donostiako Portuetxe kaleko 88an dagoen Elkarlanean estudioan.
Ikusten? Hasten zara zinemaz idazten eta ezin bukatu euskal jenderik planetako bazter guztietan aurkitzen baituzu….
Zure interesekoa izan daiteke
Alejandro G. Iñarritu: "Bilbon egotea benetan sinbolikoa da niretzat"
Hotz zaplada batez hartzen du bisitaria, EITBren Bilboko egoitzaren 5. platoan, “Carne y arena” Alejandro Gonzalez Iñarritu mexikar zuzendariak sortutako errealitate birtualeko “esperientziak”.
Ura Bere Bidean jaialdiak hirugarren emanaldi bat izango du urriaren 22an
Aurresalmentan urriaren 23ko eta 24ko emanaldietarako sarrerak agortu ondoren, antolatzaileek hirugarren bat gehitzea erabaki dute, urriaren 22an, osteguna. Besteak beste, Olaia Inziartek, Eñaut Elorrietak, Zea Maysek edota Pantxoa eta Peiok hartuko dute parte aurtengo edizioan.
Korrontzik BECen amaituko du nazioartean egingo duen 50 kontzertuko birari
BECeko kontzertua "Mundua Dantzan" biraren amaiera izango da. Hain zuzen ere, 50 kontzertuko bira izango da, eta, besteak beste, Malaysia, Kanada eta Txekia Errepublikara iritsiko da.
Iñaki Viñespre: "Egia esan, espero nuen besteak gainetik egotea, oso saio ona egin baitzuten bost bertsolariek"
Lehenengo aldiz prestatuko da Euskal Herriko txapelketarako, eta txapela urruti duela uste badu ere, ahalik eta lanik txukunena egiten saiatuko dela esan du Arabako txapeldunak.
Bengoetxeak "begirada aldaketa" eskatu dio Gobernuari, 'Guernica' Euskadira ekartzeko
Guernica Picassoren koadroa Euskadira lekualdatzeko aukerak teknikoki aztertzeko eskatu du Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak "Egun on Euskadi" saioan egin dioten elkarrizketan.
Reina Sofiak baztertu egin du "Gernika"Euskadira ekartzea
Bonbardaketaren 90. urteurrena dela eta, Eusko Jaurlaritzak koadroa epe batez Euskadira ekartzeko eskatu ondoren, Reina Sofiak txosten tekniko bat argitaratu du, margolanaren egoeraren azterketa sakon batekin. Horren arabera, "ez da inolaz ere gomendatzen hura lekualdatzea".
Oteiza eta Basterretxea, elkarrekin, “Espazioaren arazoa” erakusketan
Oteiza Museoak Nestor Basterretxearen eta Jorge Oteizaren arteko harremana aztertzea proposatzen du erakusketa berri batean; biek partekatutako tokiak, proiektuak eta gertakariak aintzat hartuz. 80 obraz, filmaz, jatorrizko material dokumentalez eta argazkiz osaturiko multzo zabal baten bidez, bi sortzaileen ibilbide bateratua erakusten du. Martxoaren 26tik abuztuaren 30era egongo da ikusgai.
Euskarazko lau serie labur, pantailara bidean EITBk bultzatuta
Amarekin goxo goxo, Aloka(h)iru eta Izaki pixka bat gardenak filmatzen ari dira, eta apirilean hasiko dira Estu filmatzen. Primeranen estreinatuko dira, udazkenetik aurrera.
Lucia Lacarrak Adimen Artifizialari buruzko ikuskizuna estreinatuko du Bilbon
Zumaiar dantzari eta koreografoaren konpainiak “A.I. (Amalur Indarra)” oholtzaratuko du, Arriaga Antzokian, ostiral, larunbat eta igandean. Ikuskizunak, Juanjo Arqués eta Matthew Goldingen koreografiak, laserra erabiliz egindako eszenaratze harrigarria eta Bardean filmatutako filma uztartzen ditu.
Iñarrituren "Carne y arena", mugan hara-hona
“Carne y arena” EITBren Bilboko egoitzan ekainaren 20ra arte bisitagai dagoen murgiltze instalazioan, Alejandro Gonzalez Iñarritu mexikar zinemagileak bultza egiten dio bisitariari besteen zapatetan sartzeko, une batez ezdeusei bidean lagundu eta mugan hara-hona ibiltzeko, errealitatetik fikziora, haragitik pixelera, hareatik zulora eta gizatasunetik ankerkeriara.