Hilda aurkitu dute Urbiako zelaietan bilatzen ari ziren artzaina
EITBk jakin duenez, txakurrak berak markatu die erreskatatzaileei artzaina non zegoen. Gorpua elurpean zegoen.
Hilda aurkitu dute larunbat goizean Urbiako zelaietan, Aizkorri mendiaren hegoaldeko magalean, desagertuta zegoen 77 urteko artzaina, bilaketa-lanak berrabiarazi ostean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenaren arabera.
11:00k jo baino minutu batzuk lehenago topatu dute gorpua. Haren txakurra eta artaldea ostiral arratsaldean aurkitu zituen Ertzaintzaren helikoptero batek, Artzanburu mendiaren inguruan.
EITBk jakin duenez, txakurrak berak markatu die erreskatatzaileei artzaina non zegoen. Gorpua elurpean zegoen.
Elurra dela eta, bilaketa oso zaila izan da, eta Ertzaintzaren Zaintza eta Erreskate Unitateko mendiko espezialistek parte hartu dute bilaketa lanetan.
Ertzaintzaren helikopteroa 12:00ak aldera lurreratu da Berazubi estadioan, Tolosan, gorpua bertatik Donostiako Auzitegiko Institutu Anatomikora eramateko. Autopsia egingo diote bertan, heriotzaren arrazoiak argitzeko.
Bitartean, artzainak salbatu nahi zuen artaldea menditik nola jaitsi aztertzen ari dira orain, 60-70 zentimetroko elurra baitago inguruan. Txakurra salbu dago.
Ostegunean ikusi zuten bizirik azkenekoz
Ostegun iluntzean eman zuten senideek haren desagerpenaren berri, Urbiako zelaietatik Kataberako meategietatik Brinkola ingurura jaitsi behar zuen artzainaren berririk ez zutela ikusita.
Ertzaintzaren mendi-taldeko kideak bertaratu ziren, eta artzainak erabiltzen zuen borda batean bilatu zuten, Urbian, baita inguruko txaboletan ere. Hala ere, ez zuten aurkitu.
Zure interesekoa izan daiteke
Bi emakume bizkaitar hil ziren Madrilgo jatetxeko suteagatik ikertutakoak auzipetu dituzte, hilketa egotzita
Iñaki Angulo youtuberraren aurkako ikerketa hasi du Fiskaltzak, Hector Bellerin futbolariari irain homofoboak egiteagatik
Hoteletako erreserbekin lotutako iruzur kasuen gorakada atzeman du Ertzaintzak
Ginekologiako eta bularreko minbiziari eskainitako EITB Maratoiak ikerketa jarriko du erdigunean eta Zea Mays taldearen "Elektrizitatea" abestia izango du soinu-banda