Donostia
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Gazte bat larri dago telefono mugikor bat berreskuratzeko Urumea ibaira salto egin ostean

Gertakariak 00:45ean izan dira. Hasiera batean, larrialdi-zerbitzuek flotagailu bat bota diote, baina korronteak arrastan eman eta hondoratu egiten zela ikusita, Ertzaintzako bi agente eta udaltzain bat uretara bota dira laguntzeko. Ateratzea lortu dutenean, bihotz-birikak suspertzeko maniobrak egin behar izan dizkiote eta larri eraman dute erietxera. 

Urumea donostia San Sebastian
Urumea ibaia. Argazkia: Jon Hernández Utrera

28 urteko gazte bat larri ospitaleratu dute asteazken goizaldean Donostiako Urumea ibaitik erreskatatu ostean.

Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, 00:45 aldera abisua jaso du Ertzaintzak, Urumea ibaian gertakari baten berri emanez. 

Antza denez, gazte batek salto egin du uretara Salamanca pasealekuko zubi batetik, ibaira eroritako telefono mugikor bat berreskuratzeko asmoz.

Hasiera batean, bertaratutako larrialdi-zerbitzuek flotagailu bat bota diote, baina korronteak arrastan eramaten zuela eta hondoratu egiten zela ikusita, uretan sartu dira ertzaintzako bi agente eta Udaltzaingoko agente bat ere, hari laguntzeko. 

Uretatik ateratzea lortu dutenean, erreskatatzaileetako batek bihotz-biriketako suspertze maniobrak egin behar izan dizkio, ur asko irentsi baitu gazteak. 

Ospitalera eraman dute anbulantzian, larri. 

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X