Ione Atenea: "Etxeak pertsona batzuen historia ezkutatzen zuen, eta ez nuen zakarrontzira bota nahi"
Ione Atenea zinemagileak (Iruñea, 1985) Punto de Vista Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdia irekiko du astelehenean, martxoak 14, Iruñean, Sail Ofizialean baina lehiatik kanpo "Los caballos mueren al amanecer" bere bigarren film luzea aurkeztuta.
Filmaren abiapuntua Bartzelonako auzo bateko etxe batean aurkitutako objektu batzuk dira, arterako isuria zuten Juanito, Rosita eta Antonio neba-arreba bitxien gauzak, Atenearen lilura piztu zutenak. Iragan horien arrastoetan oinarrituta, Ateneak bizitza horiek birsortu eta ikus-entzunezkoan irudikatu ditu.
Berarekin hitz egin dugu.
Nola jaio zen etxean aurkitutako material horrekin pelikula bat egin beharra?
Etxean bizitzera sartu nintzenean, berehala ohartu nintzen bertan bazegoela pelikula bat. Interesgarria iritzi nion gertatzen ari zen enkontruari: bi garai ezberdin, bi belaunaldi, bi familia ezezagun ausaz espazio berean bat egiten.
Baina, batez ere, material horien guztien bidez etxeak pertsona batzuen historia ezkutatzen zuen, eta ez nuen zakarrontzira bota nahi. Objektu horiek ziren Garcia familiak utzitako bakarra.
Material guztia pelikulan gorde nahi nuen, gero atera ahal izateko eta egungo biztanleentzat tokia libre izateko.
Zerk erakarri zintuen horrenbeste neba-arreba horien bizitzatik edo berorien bizitzetako txataletatik?
Gehienbat, etxean barreiatuta aurkitu nituen argazki batzuek: hainbat eszenaratze dira, 50eko hamarkadako generoko pelikulak (westernak, zinema beltza, gerra zinema) errodajeakirudikatzen dituztenak, baina berehala ezagutu nituen bertan hiru neba-arrebak. Beraiek dira pelikula posible horietako protagonistak.
Antonioren marrazkien artean, egiaztatu nuen berak irudi horiek marrazteko eredu gisa erabili zituela, baina susmoa nuen hori ez zela helburu nagusia. Aditu batekin hitz egin nuenean eta marrazkiak erakutsi nizkionean, esan zidan sekula ez zuela halakorik ikusi, beste marrazkilari batzuek ez zutela horrelakorik egiten.
Nik beti izan dut susmoa batez ere ondo pasatzeko egiten zutena, fikzio horietan babesa aurkitzen zutela nolabait.
Nola deskribatuko zenuke labur pelikulako protagonistetako bakoitza, hots, Juanito, Rosita eta Antonio García?
Antonio, nagusia, komikilaria izan zen, batez ere abenturazko istorioena. Bere kabuz hasi zen, txikitan, urtebetez ibili ezinik utzi zuen istripu bat izan zuenean.
Rosita abeslari liriko eta pianista zen, eta gaztetan zaldun zoragarria izan zen. Diotenez, sarritan ikusten zuten auzoan zaldi gainean paseoan.
Juanito, txikia, zazpi bikainen zalea zen, petanka-jokalaria, txiste-kontalaria eta (bere hitzetan) "pelikulen begiratzailea".
Gustatuko zitzaizukeen ezagutu izana? Zer galdetuko zeniekeen, aukera eduki izan bazenu? Bere bizitzaren inguruko zein zalantza argitu nahi izango zenukeen?
Egia esan, ezagutu ditudala sentitzen dut, sentipen hori dut. Pertsonen inguruan asko jakin daiteke aurkitu ditudan bezalako materialen bitartez, eta atsegin dut gure arteko harremana horrelakoa izan izana.
Bizi izango balira, nik sekula ez nukeen pelikula hau egingo… Baina hilei galdetu ahal izan banie, pelikula egiteko baimena eskatzea gustatuko zitzaidakeen. Egia esan, horrek kezkatzen nau gehien.
Beren bizitzari buruzko zalantzei buruz, gustatzen zait, hein batean, irekita gelditzea.
Neba-arrebentzat garrantzitsuena sortze prozesua zela esaten duzu filmean, ez zutela "arrakastarik" bilatzen. Zer da zuretzat arrakasta sormenaren, kasu honetan zinemaren, esparruan?
Niretzat, egiten duzunarekin gustura egotearekin lotuta dago arrakasta sormenaren esparruan.
Baina pelikulan, esaten dudanean ez zirudiela arrakastaren bila ari zirenik, esan nahi dudana da ez duela ematen osperik edo dirurik bilatzen zutenik, baizik eta bere sormena lotuago zegoela prozesu pertsonalekin, eta nik bat egiten dut horrekin.
Nola bizi duzu, bestalde, sormen lan horren emaitza jendartean erakusteko prozesua?
Arraroa da… Ez dut asko maite jendearekikoak egitea, baina ezinbestekoa da honetan aritzeko. Beraz, alde onarekin gelditzen naiz, publikoa zure obren bidez hunkitu edo pentsatzen jartzearekin.
Atsegin handia ematen du jendeak erakustea zure lanak barnean gauzak mugitu dizkiola.
Garciatarren bizitzako txatalak bateratzeko obsesio moduko bat ageri da pelikulan. Lana bukatu eta artxiboa dohaintzan eman eta gero, amaitutzat eman duzu hiru pertsona horiekiko lotura? Nolakoa da horrenbeste urtetan zure arreta bereganatu duen zerbaitetik urruntzeko bidea?
Arnasa apur bat behar dudala uste dut. Oso harreman bizia izan dut, eta ondo etorriko zait, zinez, apur bat aldentzea. Filma pixka bat gainez eginda bukatu nuen, urruntzeko premiaz, eta ahal izan nuen moduan egin nuen. Batik bat, artxiboa bazter batean utzi behar nuen, orduak eta orduak eman baititu berarekin, eta atseden hartu behar nuen.
Orain, estreinarekin, filma gogora ekarri behar dut berriro horretaz hitz egiteko, eta uste dut beste toki batetik egiten dudala dagoeneko, beste distantzia batez. Gustuko dut modu berri honetan itzultzea, uste dut beharrezkoa dela prozesua ixteko.
Pelikulak Punto de Vista jaialdia irekiko du. Ezin estreina ederragorik irudikatu, ezta?
Oso jaialdi berezia da niretzat, nire gogokoena dela esatera ausartuko nintzateke ia; beraz, alde horretatik pozarren nago. Baina, egia esan behar badizut, pitin bat larrituta ere banago.
Oraingoz, ez naiz ohitzen jendearen aurrean hitz egitera, eta lehen aldiz horren areto handira irteteak larridura handia eragiten dit.
Zer etorkizun opa diozu "Los caballos mueren al amanecer" filmari?
Lehenik eta behin, jaialdietan ahalik eta biderik luzeena egitea gustatuko litzaidake, eta nazioarte mailako estreinaren bat izatea ere nahiko nuke.
Areto komertzialetan zabaltzea zaila izango da, baina espero dut gero bestelako espazio batzuetan ikusi ahal izatea eta ikusi nahi duten guztiengana iristea.
Baduzu beste lanik esku artean?
Hainbat gauza ditut buruan, baina hastapenetan dauden ideiak dira oraindik, eta nahiago dut apur bat itxaron, garatuago izan, beraiei buruz hitz egin aurretik.
CONTENIDO NO ENCONTRADO
Zure interesekoa izan daiteke
"Fjord" filmak irabazi du Canneseko Urrezko Palma eta 'bi Javiek', berriz, zuzendaritza onenaren saria
Cristian Mungiu errumaniarraren 'Fjord' filmak, Renate Reinsve eta Sebastian Stan protagonista dituenak, irabazi du larunbat honetan Cannesko 79. Zinemaldiko Urrezko Palma. Zuzendari gisa, Javier Ambrossi eta Javier Calvo saritu dituzte "La bola negra" lanagatik.
Jack Taylorren azken whatsappa
Elegante zen oso Taylor jauna. Itxuraz eta arimaz. Bizitzan zuen jokabidean ere bai.
"Las hijas" saritu dute Cannesen
Yune Nogueiras protagonista duen eta antzeztaldean Jone Laspiur, Edurne Azkarate, Ainara Elejalde, Ainhoa Larrañaga eta Nerea Sanz euskal aktoreak dituen euskal film luzeak saria eskuratu du Frantziako jaialdiko Marché du Film merkatuan.
Ian Cortegoso 10 urteko bilbotarrak Nacho La Casaren "Un hijo" filmean egin du debuta
Ostiral honetan, maiatzaren 15ean, Ian Cortegoso 10 urteko aktore bilbotarra protagonista duen filma iritsi da zinema-aretoetara. Un hijo filmeko protagonista da, 8 urte zituenean grabatu zuena.
Aitor Etxebarriak musika jarri dio "The Black Mirror Experience" murgiltze-lanari
The Black Mirror Experience film espainiarra telesail ospetsuan oinarritutako murgiltze-lana da, eta Cannesko Zinemaldiko Immersive sail lehiakorreko sariaren bila dabil.
'Buzzheart' Dennis Iliadis greziarraren pelikula, Fanteko film luze onena
Fantasiazko zinemaren Bilboko jaialdiak Hyena Sail Ofizialeko labur onena eta Bea Lemaren El cuerpo de Cristo euskal film labur onena ere saritu ditu.
Daniel Calparsoro 'El Confidente', ETAko sator bati buruzko istorio berri bat, filmatzen ari da Donostian
Aktore taldean Javier Gutierrez, Miguel Herran eta Itsaso Arana daude, besteak beste. EITB grabazioan sartu da.
Euskal Herriko zinema-areto komertzialetako emanaldien % 2,25 izan ziren euskaraz 2025ean
Pantailak Euskaraz ekimenak eta Hizkuntza Eskubideen Behatokiak iaz euskal aretoetan egindako proiekzioak aztertu dituzte, eta datu “gordin bezain kezkagarriak” aurkeztu.
“Las hijas”: Alabak Cannesen daude
Yune Nogueiras protagonista duen filma thriller psikologiko bat da, Daniel Romero pelikularen zuzendariak eta Asier Guerricaechevarria bilbotarrak idatzia. Marché du Film topagunean parte hartzen ari da Cannesen, salmenta agenteen, banatzaileen eta jaialdietako programatzaileen faborearen xerka.
Altxaliliak Cannesen, izan nahi dutena izan daitezkeela aldarrikatzeko bidean
Altxaliliak Maia Iribarneren dokumental luzea Marché du Filmen, Cannesko zinema jaialdian industriak antolatzen duen topagunean, bidea egiten ari da egunotan, lankidetzarako aukeren bila. Ikusi pelikularen lehen irudiak.