Alex de la Iglesia animazioan murgilduko da, Lovecraft idazlearen obran inspiratuta
'Ages of Madness: The Howling of the Jinn' goiburua hartuko du pelikulak, eta 'Necronomicon' idazle estatubatuarraren fikzioko liburuan oinarrituko da. Garai eta toki ezberdinetan kokatutako hainbat istorio harilkatuko ditu.
Alex de la Iglesia zuzendari bilbotarra animazioaren munduan murgilduko da, Ages of Madness: The Howling of the Jinn pelikularekin. H.P. Lovecraft (1890–1937) idazle estatubatuarraren obran inspiratuko da eta terrorearen mugak zeharkatuko ditu. Urte honen amaieran abiatuko du ekoizpena.
3Doubles Producciones eta Sumendi Uhartea ekoiztetxeek elkarrekin egingo dute filma, eta aurreratutako informazioaren arabera, istorio ezberdinak harilkatuko dituzte, toki eta garai ezberdinetan kokatuta.
Necronomicon fikzioko liburutik ateratako kontakizunak izango dira, eta eromena, heriotza eta tragedia irudikaezinak bata bestearekin lotuko dituzte, animazioa erabilita.
Estetika bitxia eta liluragarria
Ohar batean, 3Doubles ekoiztetxe kanariarrak azaldu du helduentzako animazioaren munduan debuta egingo duela zinema-zuzendariak. "H.P. Lovecraft unibertsoa pantaila handira iritsiko da, 3D animazioaren bidez eta De la Iglesiasek bakarrik sor dezakeen estetika bitxi eta liluragarriarekin. Lau aro, debekatutako liburu bat eta argitzear den aspaldiko korapilo bat", dio oharrak.
Bere aldetik, zuzendari Bilbotarrak adierazi du "betidanik" izan duela buruan animazioaren generoa probatzea. "Pelikulak egin aurretik, munstroak marrazten nituen", esan du.
"Egun, zuzendari hoberenak terrorea lantzen ari dira, genero libreena delako, loturarik gabea, nahi duzuna egiten uzten dizuna", zehaztu du The Day of the Beast, La comunidad edota Balada triste de trompeta bezalako pelikulen sortzaileak.
Zure interesekoa izan daiteke
'Ghost in the Cell' filmak irabazi du Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteko film luzerik onenaren saria
Ikusi, primizian, "Hermanas" filmaren trailerra
Urkijok, "Hiru olatuak" filmari buruz: "Egin dudan pelikularik handiena da"
Patrick Stewart 'Star Trek' unibertsoko aktore ospetsua hil da
"La bola negra"-k Oscarra(k) lortuko bal(it)u…
Bilbo zinemaren ikuspegi berriekin beteko du Zinebik, ikus-entzunezkoaren formula nagusien aurrean
Ione Hernandezek "Hermanas" aurkeztu du Semincin
Fantasiazko eta beldurrezko zinemak Donostia beteko du astebetez, urriaren 30etik aurrera
Paul Urkijo “Hiru olatuak” thriller psikologikoa filmatzen hasi da