Urriaren 9an iritsiko da zinemetara “Inurri itsuak” Igor Legarretaren filma
Euskarazko pelikulak Ramiro Pinillaren eleberri bat du oinarri, eta antzeztaldea Urko Olazabal, Itziar Ituño, Josean Bengoetxea, Miren Gaztañaga eta Carlos Santosek osatzen dute.
Inurri itsuak Igor Legarreta zinemagilearen (Cuando dejes de quererme, Ilargi guztiak) hirugarren film luzea urriaren 9an estreinatuko dute zinema aretoetan. EITBren parte-hartzea duen pelikula Las ciegas hormigas Ramiro Pinilla getxoztar idazlearen eleberrian oinarrituta dago, eta antzeztaldean ageri dira Urko Olazabal, Itziar Ituño, Josean Bengoetxea, Miren Gaztañaga eta Carlos Santos protagonista gisa, Unax Haydenek, Patxi Bisquertek, Daniel Cabrerak, Kimetz Etxabek, Markel Cocok, Anuk Puertolasek eta Elena Urizek lagunduta.
Legarretak berak eta Andoni de Carlosek (Faisaien irla, Altsasu, Handia) idatzi dute istorioa, eta Bilbon, Elorrion, Galdakaon, Getxon, Gorlizen eta Mundakan filmatuko dute, baita Bilboko dekoratu erraldoi batzuetan ere.
Imanol Nabea da argazki-zuzendaria, Mikel Serrano arte-zuzendaria, Maite Tarilonte jantzien arduraduna, Abigail Machado makillajearena, Clara Dominguez ile-apainketarena, Maialen Sarasua muntatzailea eta Pascal Gaigne jatorrizko soinu-bandaren egilea.
Bizkaia, 1935. Ekaitz baten ondoren, ikatzez beterik dagoen Ingalaterrako ontzi bat hondartu egin da. Gauez, Algortako bizilagunak kostaldera bertaratu dira, urre beltz hori biltzeko irrikaz. Sebas Jauregirentzat, zorionerako bidea da aurkikuntza; Josefa emazteak, berriz, usain txarra hartzen dio. Emazteari jaramonik egin gabe, Sebasek ekaitz gogorrean barrena gidatuko ditu semeak. Ahaleginak eta bi egingo ditu familiak, negua arindu diezaiekeen edo, aitzitik, betiko kondena ditzakeen ikatza babesteko.
Zure interesekoa izan daiteke
La bola negrak Oscarra(k) lortuko bal(it)u…
Bilbo zinemaren ikuspegi berriekin beteko du Zinebik, ikus-entzunezkoaren formula nagusien aurrean
Ione Hernandezek "Hermanas" aurkeztu du Semincin
Fantasiazko eta beldurrezko zinemak Donostia beteko du astebetez, urriaren 30etik aurrera
Paul Urkijo “Hiru olatuak” thriller psikologikoa filmatzen hasi da